Ainara Manterola: "Oso zorrotza naiz nire buruarekin"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 15a, 11:30
Ainara Manterola, aste honetan Venezuelan egindako argazkian. Iturria: GradaDigital.com

Caracasen da dagoeneko Ainara Manterola , eta prest da kirol ibilbide berri bati ekiteko: Venezuelako emakumezkoen futbol selekzioko kirol prestatzailea izango da aurrerantzean.

"Pentsatzen nuen inoiz ez zela iritsiko futbola uzteko eguna". Horiek izan ziren Ainara Manterolaren (Orio, 1995) hitzak 2019ko ekainean, futbol jokalari gisa hasitako ibilbidea amaitutzat eman zuenean. Oriotarrak hainbat urtez jokatu zuen futbolean goi mailan, atzelari gisa; aurreneko pausoak Orioko taldean eman ostean, Realeko lehenengo taldera egin zuen jauzia 15 urterekin, eta Oiartzungo nahiz Añorgako aurreneko taldeetan ere jokatu zuen. 2018-2019 denboraldiaren ostean, baina, futbola uztea erabaki zuen, 23 urterekin.

Argi eta garbi azaldu zuen, dena den, kirola dela bere pasioa, eta ez du sekula hautsi kirol munduarekin sortutako lotura. Kirol prestatzaile modura jarduten du gaur egun; besteak beste, kirolariei "errendimendua hobetzen edo lesioetatik errekuperatzen laguntzen".

Erronka berri bat jarri diote orain parez pare, eta ilusioz heldu dio Manterolak. Venezuelako emakumezkoen futbol selekzioko kirol prestatzaile gisa aritzea proposatu diote aurten, eta ez du zalantzarik egin. Pamela Conti entrenatzailearekin hitz egin du dagoeneko, eta Caracasera joan da aste honetan bertan. Taldeko jokalariekin batu eta haiek ezagutu ondoren, ekingo dio lanari. Margarita irlako CNAR errendimendu altuko zentroan izango dira egunotan, hain justu. Datozen hilabeteetan hiru kontzentrazio egingo ditu selekzioak, hurrengo udan jokatuko den Amerika Koparako prestatzen has daitezen jokalariak. Munduko futbol txapelketarako sailkatu ahal izateko lehia izango da Amerika Kopa, eta buru-belarri murgilduko dira horretan Venezuelako futbolariak. 

Han eta hemen

Oraingoz hainbat astez behin baino ez da elkartuko Venezuelako selekzioa, eta oriotarrak kasu horietan bidaiatu beharko du haiekin, Hego Amerikan edo Europan, unearen arabera. Gainontzean, baina, etxean egongo da; Orioko zentro batean jarduten du gaur egun, eta bi lanak uztartuko ditu.

Irrikaz dago selekzioa osatzen duten jokalariak aurrez aurre ezagutzeko; izan ere, oraindik ez du horretarako aukerarik izan. Dena den, izan du haien berri jada: "Badakit, gutxi gorabehera, zein puntutatik abiatuko den jokalari bakoitza, zein arazo izan ditzakeen bakoitzak eta non esku hartu behar dudan".

Venezuelakoa nahiko talde anitza dela azpimarratu du: "Denetarik dago". Europako futbol taldeetan jokatzen dute askok, besteak beste, Espainiako Ligan: "Egun maila altuagoa dago hemen, eta horregatik etortzen dira. Baina egia da han ere ari direla emakumezkoen futbolaren aldeko apustua egiten, pixkanaka". Manterolak uste du, bestalde, "oso zorrotzak eta profesionalak" izango direla taldekide guztiak. "Talde polita dela eta asko gozatuko dudala esan didate. Jakin dut haientzat oso sentitua dela selekzioa eta pasioa nabarmena dela taldean. Jarraitzaile sutsuak omen dituzte, gainera", esan du Manterolak.

Oriotarra "motibaturik eta pozik" dago Venezuelako selekzioan hasiko duen ibilbide berria dela eta, "baina urduri ere bai, aldi berean". "Jokalari bezala bizi izan dut selekzioan egotea baina, nolabait, beste aldean egongo naiz orain", dio. Azaldu du "oso zorrotza" dela bere buruarekin, eta ziur aski "buruhauste asko" izango dituela, bere lana "ahalik eta ondoen eta egokien" egin nahiko duelako. Hala ere, "asko ikastea, esperientzia bizitzea eta gozatzea" izango ditu helburu nagusitzat: "Beste herrialde bateko talde batekin egingo dut lan, eta uste dut sekulako esperientzia izango dela niretzat, bai alor profesionalean, bai pertsonalean".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!