"Gure lanak izan dezakeen emaitzarik onena hiztegia erabilia izatea da"

IƱaki Agirre Perez - Berria 2021ko ira. 16a, 11:30
Itziar Cortes, argazkiaren eskuinaldean, artxiboko irudian.

Itziar Cortes Elhuyarren hizkuntza eta teknologia unitateko koordinatzailea da; haren karguak ezin hobeto islatzen du mende laurden bete berri duen hiztegiaren oparotasunaren gakoa. Etengabeko berrikuntzan, euskararentzat eta hiztunentzat oinarrizko tresna bilakatu da Elhuyar hiztegia: formatuak formatu, erabiltzaileen beharretara egokitu delako beti.

Zer behar du hiztegi batek ona izateko?

Elhuyarren kasuan, esango nuke haren arrakasta izan dela garaian garaiko egoera berrietara egokitzen jakitea. Batik bat, teknologietan murgildu delako. Lehen edizioaren atzetik iritsi ziren hurrengoak, esaterako, CD-ROM batekin batera zetozen, eta 2013an, berriz, webgunera jauzi egiteko prest egon ginen. Horrek jarrera bat islatzen du, eta, orain egin dugun berritzearekin, etengabeko aldaketa horri jarraipena eman nahi izan diogu. Diseinu erakargarriago bat eman diogu, baita hiztegiari loturiko beste zenbait zerbitzu txertatu ere, egungo errealitate eta erabileretara egokitzen jarraitu dezan.

Orain arteko ibilbidea teknologiaren eskutik egin du, beraz.

Urteurrenaren harira, lantaldean iraganera begira jarri gara, eta, besteak beste, ikusi dugu nola lehenengo edizioan zuzenketak paperean egiten ziren. Eta gogoratu dugu nola sortu genuen datu base bat hiztegia egituratu eta gero hortik abiatzeko. Beraz, teknologia hasieratik izan dugu lagun. Eta ez dugu ahaztu behar, gainera, Elhuyar hiztegia erabilia izan zela Euskal Herrian itzulpen automatikoarekin egin ziren lehen lanetarako; hizkuntza teknologietan ere erreferentziazkoa dela erakutsi du.

Eta hizkuntzari berari ere ekarpen handia egin dio, noski.

Zalantzarik gabe. Eta webgunea gehiago erabiltzen den urteotan ere oso argi ikusi dugu, hiztegia urtez urte gero eta gehiago erabiltzen delako. Egia da paperezko hiztegien salmenta jaitsiz joan dela, baina webgunekoaren erabilera izugarri handitu da. 2020an, 65 milioi kontsulta baino gehiago egin ziren hiztegian; guretzat, arrakasta ikaragarria da hori. Elkarrizketa irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!