PAPEREKOA

Jakes Goikoetxea: "Ekintza soziala da kirola, ikusleak beharrezkoak ditu"

Onintza Lete Arrieta 2021ko ira. 25a, 14:30
(IƱigo Gaiton)

Historiako Olinpiar Joko berezienetakoen berri eman du Tokiotik (Japonia) bertatik Berria egunkariko kazetariak (Orio, 1973) Ainara Arratibel lankidearekin batera. Hiru astez, 24 orduz Jokoak izan ditu buruan, eta esperientzia horren gazi-gozoez hausnartzeko tartea ere eduki du.

Ez zara Berria-ko Kirol sailekoa, baina bai kirolzalea eta eskarmentu handiko berriemailea. Olinpiar Jokoen berri Tokiotik bertatik ematea tokatu zaizu.

2019an eskaini zidaten aukera, eta baiezkoa eman nuen. Olinpiar Jokoetara joan nahi nuen, baina, batez ere, Japoniara bidaiatzeak motibatzen ninduen. Beti erakarri izan nau hango kulturak, tradizioaren eta modernitatearen arteko kontraste horrek, ondarea nola zaintzen duten... Jokoak baziren aitzakia, batetik, Japoniara joateko eta, bestetik, Jokoak barrutik bizitzeko, beti ere, jakinda hara joango nintzela ez turismoa egitera, baizik eta lanera, eta herrialdea pixka bat ezagutzera. Baina, pandemiagatik, kazetariok burbuila batean sartuta egon gara, eta ez dugu herrialdea ezagutu. Gordin esanda: Japonian ibili gara, baina ia-ia Japonian egon izan ez bagina bezala izan da.

Hori gogorra izango zen, ezta?

Jokoak pandemia garaian egitea erabaki zen momentutik, bagenekien gauzak ez zirela normalak izango. Prestaketa eta burokrazia lan horretan guztian ere jakinarazi ziguten oso kate motzean lotuta egongo ginela. Aurreneko hamalau egunetan gure mugimenduak erabat mugatuta egon ziren.

Zer neurri ezarri zizkizueten?

Hasteko, iritsi ginenean hiru eguneko koarentena egin behar izan genuen, eta egunero listu testak; gero, lau egunetik behin egiten jarraitu genuen. Hiru egun horien ondoren, hamalau egunez lan egiteko bakarrik atera gintezkeen hoteletik, horretarako jarritako autobusetan, eta gainerakoan, otorduetarako bakarrik, gure hotelak ez zeukalako jatetxerik. Baina soilik hamabost minutu izaten genituen, hoteletik atera, janaria eskatu, eta berriro janariarekin logelara itzultzeko. Horrez gain, aplikazio batean egunero jarri behar izaten genuen zer tenperatura geneukan, sukarrik eduki genuen ala ez, sukarra zuen norbaitekin harremanik eduki genuen ala ez... Mugak oso estu jarri zituzten, eta gu ere ez ginen saiatu horiek hausten. Ez gogorik ez geneukalako, baizik eta lanera joan ginelako. Gurea komunikabide txikia izanik, bi kazetari joan gara, badakigu zenbat kostatzen den hemendik hara bidaiatzea, akreditazioak lortzea... Askotan esaten da Berria babestu behar dela, Berrialaguna izatearen garrantzia... Laguntza horrengatik argitaratzen da egunkaria, baina laguntza hori honelako gauzetan ere islatzen da. Euskal Herrian ez dut uste beste inork bi kazetari bidali dituenik Japoniara.

Zuen lana egitea bereziki zaila izan den momenturik izan al duzue?

Antolatzaileek oso zorrotz zaindu dituzte telebisten irudi eskubideak. Ni, adibidez, egun batean nire inozentzia osoarekin ari nintzen sakeleko telefonoarekin bideo bat grabatzen estadio olinpikoan; ez kirolari bat, baizik estadioa bera, azaltzeko nola zen barrutik, etab. Arduradun bat etorri eta dena ezabarazi zidan; bideo hura eta aurretik eginak nituenak. Zakarrontzitik ere ezabatzen nituela ziurtatu zuen. Akreditazioari argazkia atera, eta esan zidan berriz araua hausten banuen ikusiko zutela zer egin akreditazioarekin. Ulertzen dut telebista batek irudi eskubideak ordaintzen baditu beste telebista batek ez ematea 100 metroko korrikako finala, baina ez dut ulertzen zer kalte egiten duen Iñigo Peñari [piraguista zumaiarra] edo beste edozein kirolariri bost minutuko bideoa grabatzeak lehiaketa amaitzen dutenean. Ezkutuan ibili behar izan dugu.

Tokion zinela idatzi zenuen zure ustez Olinpiar Joko hauetako arazo nagusiak komunikazioa eta beroa izan direla.

Beroa ikaragarria izan da, egunero 30 gradutik gora genituen. Guri gure burbuilan ez zigun eragin, hotelean eta autobusean aire girotua genuelako, prentsa gunean ere bai, zeina oso ondo antolatua zegoen, bide batez esateko. Baina hoteletik kalera irteten ginenean bero izugarria geneukan, orain egun gutxi Orion eduki duguna bezalakoa. Kirolariek, berriz, bost urte pasa dituzte lehiaketa prestatzen, eta beren onena eman behar dute bero horrekin, baldintza horietan? Japonian 1964an ere jokatu ziren Jokoak, eta atzeratu egin zituzten abuztuko beroagatik. Oraingoan ez dituzte atzeratu; egin duten bakarra izan da erresistentziako kirol batzuk Sapporora eraman, han bero gutxiago egiten duelakoan, baina han ere 30 gradu inguru egin ditu. Niretzat ez dira baldintza egokienak izan Olinpiar Joko batzuk egiteko.

Komunikazioarekin ere arazoak izan dituzue.

Hori izan da arazo nagusia gure lanerako behintzat. Nik ez daukat kristoren erraztasuna ingelesez egiteko, baina oinarrizko maila badut, eta han askotan boluntarioekin ezin izan gara komunikatu, ez zekitelako ingelesez. Japoniari buruzko irudi batekin zoaz, oso eraginkorrak direla etab., eta gero han momentu batzuetan irudi hori puskatu egiten da. Esan ziguten beste urteetan nazioarteko deialdia egiten dela boluntarioak hartzeko, eta horiei ingelesa eskatzen zaiela, baina aurten pandemiagatik ezin izan da, eta herrialdekoekin bakarrik moldatu behar izan dute.

"Jokoak urrun, baina kirolariak gertu" sentitu dituzuela ere zeuk esandakoa da.

Dominak jokatzen ari ziren, eta ematen zuen lagunarteko lehiak zirela, ikuslerik gabe ari zirelako. Sentsazioa hotza zen, batzuetan tristea ere bai; estadio olinpikoan, batez ere, 60.000 lagun sartzen diren toki batean milaka gutxi batzuk zeudelako, eta horiek ere lanean, ez animatzeko eta txalo egiteko. Bestalde, ordea, han egoteak aukera eman digu kirolariekin hitz egiteko, ez kirolari mediatikoekin, baizik beste era bateko kirolariekin. Eta esperientzia honetan gauza aberasgarrienetarikoa horixe izan da. Oso natural, oso zintzo egon dira, adierazpen prefabrikaturik gabe, oso gauza pertsonalak kontatzen. Alde horretatik, berotasun eta gertutasun hori sentitu ditut. Futbolaren eraginagatik izango da agian, baina batzuetan kirolariei kendu egiten diegu pertsona izaera. Kirolaria bakarrik ikusten dugu, eta ahaztu egiten zaigu kirolari izaera horren barruan pertsona bat dagoela, eta Olinpiar Joko hauetan, kirol ez mediatikoetako kirolariekin zaudenean, batez ere gailentzen dena pertsona da.

Oroitzapen polit edo hunkigarririk ekarri al duzu Tokiotik?

Bai. Asier Martinez nafar gaztea 100 metro hesietan lehiatu da. Tokiora iristean, finalera sailkatzea zuen helburu, baina helburu nahiko urruna zen. Bada, probaz proba denborak hobetuz joan zen, sekulako progresioa egin zuen, eta finalerdiak jokatu zituen unearekin gogoratzen naiz. Oker ez banago, hiru finalerdi ziren, eta bakoitzetik bi onenak sailkatzen ziren finalera, eta baita gainerako bi denbora onenak ere. Berak bere finalerdian hirugarren egin zuen, baina oso-oso denbora onarekin. Beste atletek alde egin zuten, eta bera eskaileretan gelditu zen hurrengo finalerdiak ikusten, jakiteko finalera sailkatzen zen ala ez. Momentu horretan berarengana joan nintzen, galdetzera ea zer moduz joan zitzaion etab. Berarentzat momentu oso inportantea zen, eta gertutasun eta naturaltasun ikaragarriarekin egon zitzaidan hizketan. Gainerakoan, adibidez, Caeleb Dressel munduko marka bat hausten ikusi nuen igerilekuan, eta Katie Ledecky igerilaria ere ikusi dut... Baina, agian, ez dizute horrenbeste transmititzen.

Esan duzu arraroa egiten dela estadio huts batean lehiatzea. Zentzurik badute txapelketek edo Olinpiar Jokoek zuzeneko ikuslerik gabe?

Nire iritzi pertsonala da Olinpiar Jokoak ez zirela egin behar: jokoak egitea larrialdi egoera ezarrita dagoen toki batean, herritarrei mugak jarrita daudenean, horiei bizkar emanda, horrek ez dauka inolako zentzurik alderdi etiko eta epidemiologiko batetik, ezta ikuslerik gabe egiteak ere. Kirola zerbait bada, soziala da, ikusleak behar ditu.

Kirolari batzuek aprobetxatu dituzte Jokoak erreibindikazio batzuk egiteko.

Hasieran Nazioarteko Olinpiar Batzordeak esan zuen ez zituela onartuko protestak, politika ez dela sartu behar... Baina nik uste erakunde hori badela politikoa; bere erabakiekin politikan eragiten du. Joko hauetan egon dira mezu batzuk. Horren harira, Simone Biles-ena inportantea iruditu zait. Maila horretako nazioarteko izar batek bat-batean esatea ez dagoela lehiatzeko moduan, arazoak dituela eta kirolariek jasaten duten presioari buruz hitz egiten hastea, hori zabaltzea eta munduari jakinaraztea, hori inportantea izan da. Horrekin lotuta, aukera izan nuen elkarrizketa oso interesgarria egiteko Josean Arruzari. Basque Team-ekin lan egin izan du, kirol psikologian aditua da, eta berak esaten du kirolariek bi presio mota dituztela: bat endogenoa, kirolariak berak bere buruari jartzen diona, eta hori berez positiboa dela; eta bestea, exogenoa, kanpotik jasotzen duena –komunikabideena, ingurukoena...–eta hori dela baztertu beharrekoa. Eta ildo horretatik, Olinpiar Joko hauetan inportantea iruditzen zait Maialen Chourraten diskurtsoa ere.

Zergatik?

Maialen Chourrautek dominak lortuak zituen lehendik ere, Tokion zilarra lortu du, eta denok pentsa genezake oso gustura dagoela egindakoarekin, baina berak esaten zuen orain dela gutxira arte asegabetasun batean bizi zela, behar zuela zerbait gehiago... Eta Tokio baino pixka bat lehenago jabetu zela lortutakoaz, eta zer bide egin zuen hau guztia lortzeko. Hausnarketa hori inportantea dela uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!