Baratze Parkeko lehen uzta noiz helduko zain

Iñigo Gaiton 2021ko ira. 28a, 11:00

Santos Carretero atzo, herri baratzeen sarreran. Argazkia: Iñigo Gaiton.

Orioko herri baratzetako erabiltzaileak hasi dira lanean, eta dagoeneko jarri dituzte lehen landareak paloten eremuan txukundutako partzeletan. Zenbait herritarrek lehen aldiz heldu dio aitzurrari; Santos Carretero da horietako bat.

Paloten eremuan mugimendu handiagoa izango da aurrerantzean. Betiko baratzeak dauden inguruan, Sanford txabolatik metro gutxira, jarri dituzte Baratze Parkea osatzen duten 45 partzelak, eta dagoeneko hasi dira martxan. Erabiltzaileek hil hasieran jaso zuten han jarritako biltegiaren giltza, eta ordutik, eskura izan dituzte lanerako tresnak.
 
Asteotan, zenbait herritarrek lehen aldiz heldu die lanabes horiei. Santos Carrretero da aitzurrarekin aurreneko aldiz aritu denetako bat. Urteak bete ahala, esku-lanerako grina indartzen joan zaio, eta orain, buruan zebilkien nahia bete du: 40 m2-ko partzela dauka eskura, baratzezaintzan trebatzeko.

Carreterok aitortu duenez, ia ezagutzarik gabe abiatu ditu lan berriak. «Lagun batek esperientzia handia du, eta hark emandako aholkuekin hasi naiz. Baratzeen mundua betidanik gustatu izan  zait, baina orain arte ez nuen nirea lantzen hasteko urratsa egin. Ilusio handia dut», dio pozarren. Belar txar, sasi eta zikinkeriarik handienak garbituta laga dizkiete partzelak. «Lurrari buelta ematea izan zen gure aurreneko lana, eta gero, lehen landareak jartzea. Oraingoz, ez gara haziekin ari. Aurrerago ikasiko dugu horretan», azaldu du. 

Letxugak, porruak, aza, brokolia eta garaiko beste zenbait barazki espero dituzte lehen uztan. «Ea bi edo hiru aste barru aurreneko letxugak jateko moduan garen...». 

Barazkiak eta lasaitasuna
Elikagaiez gain, baratzean jardunda «lasaitasun momentuak» bilatzea ere espero du Carreterok. Lehendik ere badu mendian ibiltzeko zaletasuna, eta baratzezaintzak, herriko ingurune naturalekin harreman estuagoa izatera behartuko du. «Lehengo batean, bake-bakean ibili nintzen, atzera eta aurrera, baratzeko lanetan erabat murgilduta. Telefonorik ere ez nuen soinean, eta denboraren pertzepzioa erabat galdu nuen, elizako kanpaien hotsa entzun nuen arte. Orduak joan egin zitzaizkidan», kontatu du harriduraz. Halako lasaitasun uneek  eguneroko bizitzan duten balioari ere egin dio azpimarra. 

Dena den, bere kabuz jarduteaz gain, tokatuko zaio herriko jendearekin batera ere aritzea, ondoan berrogehitik gora partzela baitauzka. «Azaldu digutenaren arabera, baratzeen onuradunok elkarte modura funtzionatu beharko dugu. Hori ondo lortuz gero, onuragarria izango da denontzat, baina ikusiko dugu gai garen edo ez», dio zalantzati. 

Orain arte ikusi duenaren arabera, profil desberdinetako jendea erakarri du udalak sustatutako egitasmoak. Hori aberasgarria dela iritzi dio. «Jende askorentzat lehen esperientzia da hau, eta ziurrenik, sortuko da ezagutza elkarbanatzeko giroa gure artean, denon mesederako», azaldu du baikor. 

Baratzezaintza ekologikoa
Baratze Parkearen erabilera egokia izan dadin, zenbait arau bete beharko dituzte erabiltzaileek. Besteak beste, galarazita dute pestizida kimikoen erabilera. Hala, han egingo den baratzezaintzak ekologikoa izan beharko du derrigorrean. 

Lehengo larunbatean, baratzezaintza ekologikoaren gaineko oinarrizko ezagutzen berri izan zuten, horretarako antolatutako ikastaroan. Carreteroren esanetan, «informazio oso ona» jaso zuten Ekoguneko langile baten eskutik. «Oso baliagarria izan zen. Entzuteaz gain, aditu bat lanean ikusteko aukera ere izan genuen, eta horrela askoz ere errazagoa da oinarrizko gauzak barneratzea».  Hasiera batean, «errespetua» ematen dio jarduerak erabat ekologikoa izan beharrak: «Ikusiko dugu nola moldatzen garen karakolak azaltzen direnean... kar-kar-kar. Ezingo dugu lurra kaltetzen duen produkturik erabili». 

Dagoeneko itxura hartzen ari diren landareei begira, gustura agurtu da: «Letxugak nola hazten diren begira egote hutsa, bada zerbait, garai aldrebesotan».