Eremu berdera igaro da Orio

Anartz Izagirre 2021ko ira. 29a, 13:18

48,92ra jaitsi da Orioko intzidentzia tasa, eta eremu horitik irten da. Aian beste kasu bat atzeman dute, baina han ere behera egin du kasu metatuen tasak. Hego Euskal Herrian %1,2 da lau lurraldeetako positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta beste kasu positibo bat hauteman dute Aian. Dena den, 654,19tik 554,16ra jaitsi da intzidentzia tasa. Bestalde, oraingoan ere ez da kasu berririk izan Orion, eta han ere behera egin du tasa metatuak, 81,54tik 48,92ra. Hala, eremu horia atzean utzi eta berdean sartu da herria.

Eskualdean, guztira, bost kasu bakarrik hauteman dituzte azken orduetan. Bost positibo horietatik lau Azpeitian zenbatu dituzte (bestea Aian, esan bezala). Hala eta guztiz, behera egin du Azpeitiko intzidentzia tasak ere, eta 164,26an dago une honetan.

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman; horrenbestez, intzidentzia tasetan ez da gorakadarik egon. Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako herrietatik beste hiru daude eremu horian: Azkoitia (108,49), Zarautz (111,36) eta Zumaia (61,06). Beste herrietan honakoak dira intzidentzia tasak: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero, Getarian 35,34 eta Zestoan 154,08.

%1,2ko positibotasun tasa

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo, guztira, 9.231 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 112 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (43), eta, ondoren, Gipuzkoan (32), Nafarroan (23) eta Araban (hamahiru). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko pertsonak batek ere positibo eman zuen proban. Bestalde, positibotasun tasa %1,2 da lau lurraldeetan.

Ospitaleetan, berriz, 126 pertsona daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 39 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 42 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik hamar daude ZIUn.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!