Bi udal langileri irekitako diziplina-espedienteen berri eman du udalak

Karkara 2021ko urr. 1a, 15:51

Bi arau-hauste larri egiteari dagokion zigorra ezarri zaie udaleko bi teknikariri, atzo udalbatzarrean emandako azalpenen arabera. Gaiak herritarrengan eta udaletxeko martxan eragina izan duela iritzita, Anuska Esnal alkateak adierazpenak egin zituen osoko bilkuran, eta oposizioaren babesa jaso zuen.

Atzo arratsaldean udalbatzarra izan zen Orioko udaletxean, eta osoko bilkuraren gai zerrendako bigarren puntuak hau zioen: "Kontu ematea, bi udal langileei irekitako diziplina-espedienteei buruz". Bilkura hasitakoan, Anuska Esnal alkateak eman zituen gaiaren gaineko azalpenak. Haren hitzetan, udalbatzarren helburuetako bat izaten da "herrian eragina duten gaien berri ematea", eta horrek bultzatuta egin zuen atzoko hitzartzea.

Alkateak azaldu zuenez, Orioko Udaleko bi teknikariri espediente bana ireki zitzaien martxoa hasieran. "Administrazioak prozedura bat du halako kasuetarako, eta hori abian jarri zuen udalak. Prozesu hori martxan egon den bitartean, udal langileei dagozkien datu babesa eta intimitatea babestu nahi izan ditu udalak, eta horregatik, diskrezio eta zorroztasun handiarekin landu da gaia", eman zuen jakitera Esnalek.

Udalaren aldetik, prozedura amaitutzat jotzen dutela adierazi zuen: "Hemendik aurrera, langile horiek eskubidea izango dute dagokien defentsa dagokion tokian egiteko".

Horren guztiaren ondorioz, bina arau hauste larriren zigorra ezarri diote bi langileei; bilkuran zehaztu zutenez, kirol teknikariari eta kultur teknikariari. Gaur plazaratutako komunikatuan emandako informazioaren arabera, arau hauste larri bakoitzeko bi urteko funtzio etetea dagokio bakoitzari.

Esnalen hitzetan, aferak ekarri du "denbora batean udalean kirol eta kultur teknikaririk gabe egotea", eta horrek eragina izan du herritarrengan, batzorde horietako zinegotziengan eta batzordeburuengan.

"Guztiaren gainetik pertsonak gara, eta prozesu honek guztiak bi langilerengan ondorioak eragin ditu. Dena den, hau langileen eskubideen defentsan egindako urratsa dela uste dut, eta horren aldeko lanean jarraituko du udalak".

Oposizioaren babesa

Alkatearen adierazpenak bukatutakoan, Lourdes Salsamendik hartu zuen hitza, EAJ-PNVko bozeramaileak: "Badakigu prozedura ez dela erraza izan, eta informazioa diskrezio handiarekin gorde izana ulertzen dugu. Bere garaian eman zitzaigun egoeraren berri, eta gure babesa adierazi genizuen. Orain ere, berdin egin nahi dugu. Eskertzen dizugu gai zail hau halako diskrezioarekin kudeatu izana".

Ondoren, Orain Herri Plataformako bozeramaileak bat egin zuen bi alderdiek esandakoarekin, eta alkateak, eskertu egin zien haiengandik jasotako babesa eta ulermena.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!