Olatu txikiak espero dira larunbateko surf txapelketan

IƱigo Gaiton 2021ko urr. 7a, 14:39

Orioko Surf Taldeak urteroko surf txapelketa egingo du larunbatean. Bihar 19:30ean itxiko da izen ematea.

Iaz pandemiagatik bertan behera geratu ostean, OSTk urteroko surf txapelketa antolatu du. Larunbatean egingo dute lehiaketaren XXVI. edizioa. Antolatzaileek 09:00etan hasi nahi dute txapelketa, eta egun osoan, bata bestearen atzetik jokatuko dira txandak, elkarren segidan. Hala, 17:00ak alderako bukatzea espero dute.

Olatuen iragarpenari dagokionez, aurreikuspenak ez dira oso onak. Windgururen arabera, metro baten  bueltako olatuak izango dituzte surflariek. Olatuen altuera zehazten duen zenbakiak gehienez 1,2 metro markatu arren, olatu batetik besterako denbora tartea 13 eta 12 segundokoa izango da, eta horrek lagundu dezake hondartzan olatu txukunagoak egoten.

Haizea terrala izango da lehen orduan, hego haize leuna, baina 11:00ak aldera iparretik jotzen hasiko da, eta ez du indar handiegirik izango egun guztian zehar.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, txapelketako izen emateak irekita jarraitzen du. Itziar Kirolak eta Ttipi ttapa dendetan edo surf taldearen lokalean egin behar da inskripzioa.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!