Atzoko batzar irekiaren "balorazio ona" egin du EH Bilduk

IƱigo Gaiton 2021ko urr. 7a, 17:11

Batzarraren antolatzaileek azaldu dutenez, 60 herritar juntatu ziren Arraunetxen, ordu eta erditik gorako iraupena izan zuen saioan. Udalean azken bi urteetan egindako lana azaltzeaz gain, "komunitatea indartzeko" ere baliatu zuten bilkura.

Herri batzar irekia egin zuen atzo Arraunetxen Orioko EH Bilduk, asteazkenarekin. Zazpietarako jarria zuten hitzordua, eta alderdiak azaldu duenez, 60 lagun juntatu ziren bilkuran. Emeterio Iribar izan zen zitaren antolatzaileetako bat, eta haren hitzetan, publikoaren artean "jende desberdina" elkartu zen.

Iribarrek zehaztu duenez, saioak "legealdiaren lehen erdiaren balorazioa" egiteko helburua zuen. Hau da, EH Bilduk alkatetza hartu zuenean udala nola topatu zuen azaltzea, eta bi urte hauetako lanaren berri ematea. Horrez gain, pandemiak ekitaldi irekiak egin ahal izatea zaildu duenez, haien komunitatearekin aurrez aurre egoteko ere baliatu zuten atzoko zita: "EH Bilduren izaeran garrantzia handia du elkarlanak, eta horretan, ezinbestekoa da jendearekin gertuko harremana izatea".

Hala, lortu zuten "kanpoko iritziak" jasotzea: "Udalean lanean ari zarenean, barru-barruan, gauza batzuk ikustea zaila da. Horregatik, halako ekitaldien bidez, herritarren ekarpenak jasotzea gustatzen zaigu".

Saio gehiago aurrerantzean
Iribarrek baieztatu du saio gehiago egingo dituztela legealdia amaitu aurretik: "Orokorrak ez badira ere, lan-ildo desberdinei buruzkoak bai, gai edo arlo konkretuetakoak". Azken bi urteetako lanaz gain, aurreko bi legealdietan egindakoaren berri ere eman zuten (alkatetzan egon zen EH Bildu 2011-2015 legealdian, eta oposizioan hurrengoan).

Saioaren bigarren erdian, etorkizuneko erronkei buruz aritu ziren hizlariak. Aipatu zituzten, besteak beste, Biziberritze plana martxan jartzearen garrantzia (turismo, kultura eta beste zenbait alorretan eragina izango duen plana), Mutiozabal ontziolako prozesua ondo itxi eta abiatzea (Albaolak kudeatuko du hango jarduera) eta hurrengo urtean, Motondo berreskuratzen hastea.

Bilkurak ordu eta erditik gorako iraupena izan zuen, eta alkateaz gain, zinegotzi guztiek hartu zuten hitza.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!