"Bezeroek behar duten guztia hemen eta orain eskaintzea da burdindegiaren balioa"

Karkara 2021ko urr. 9a, 09:00

Maria Angeles Uranga (Orio, 1962) eta Santos Uranga (Orio, 1960) anai-arrebek urteak daramatzate Uranga burdindegian lanean. Garai modernoetan, Internet bidezko salmenten oldarraldiari eusteko gai izan dira, eta zorionez, lokalean ez zaie martxarik falta. Produktuz josita dituzte dendaren korridoreak, eta salmahaiaren atzean batera eta bestera aritzen dira lanean, geratu gabe. Seinale ona.

Noiz ireki zituen ateak Uranga burdindegiak?
Maria Angeles Uranga: 1970eko uztailaren 10ean. Aita bizitza osoan aritu zen itsasoan arrantzale, baina lehorrean ere nahi zuen negozioren bat izan, eta ama eta bien artean jarri zuten martxan
burdindegia.
Santos Uranga: Aita izatez arotza zen, baporean lan egin arren. Erreminta artean ibiltzen zen beti, hala gogoratzen dut. Arrantzan adina trebezia zuen arotz modura!

Gurasoengandik jaso zenuten ofizioa, eta etxeko indarrarekin jarraitu duzue lanean. Anai-arrebak izanik, nolako harremana duzue?
M.A.U.: Primeran moldatzen gara, baina egunero izaten da eztabaida hemen. Ez dugu egun bat ere pasatzen liskarrik eduki gabe... kar-kar-kar.

Denboraren joanarekin, asko aldatu al da burdindegiko eskaintza?
M.A.U.: Bai. Gure amak dioenez, ireki zutenean taladroa ez zen existitu ere egiten. Kristoren iraultza ekarri omen zuen merkatura atera zutenean. Tirafondoak ere lehen mota bakarrekoak izaten ziren, eta orain pila bat daude.
S: Hala ere, badira hasieratik aldatu ez diren produktuak: urarekin nahastuta lan egiteko pinturak, adibidez.

Denda txiki ugarik itxi dituzte ateak azken urteetan, besteak beste, kontsumo ohiturak asko aldatu direlako. Zuek martxa onean jarraitzen duzuela dirudi.
M.A.U: Internetek asko estutu ditu negozio txikiak, hori hala da, baina zorionez, jendeak jarraitzen du hona etortzen. Burdindegi batean gauza asko saltzen dira, eta askotan, lanean edo etxeetan momentuan behar diren produktuak izaten ditugu eskura: silikona, garbiketarako
gauzak, iltzeak, erremintak...
S.U.: Bestalde, guri babes handia eman digu kooperatiban sartu izanak. Duela hamabost urte eman genuen urratsa, eta horrek libratu gaitu, hein handi batean. Euskal Herri osoko burdindegien sare bateko parte gara.

Kooperatibak zer eskaintzen dizue?
S.U.: Bezeroei prezio hobeak eskaintzeko aukera, batetik. Bestalde, falta diren produktuak eskatu eta hurrengo egunean ekartzen dizkigute Beriainen (Nafarroa) dugun biltegitik. Asko salbatzen gaitu horrek guztiak.

Internet erabiltzen al duzue promoziorako edo beste zerbaiterako?
S.U.: Gutxi, egia esan. Etxe batean behar diren produktu guztiak fisikoki eskura izatea da gure indargunea, eta horri eutsi nahi diogu. Oso adi egoten gara jendearen beharrizanetara, eta horien arabera joaten gara denda hornitzen.
M.A.U.: Bezeroek behar duten guztia hemen eta orain izatea da gure balioa.

Bitxikeria modura, zer saltzen duzue gehien?
M.A.U.: Burdindegietan produktu salduena Locticte zela entzun nuen behin. Litekeena da. Erratzak eta silikona ere bai.
S.U.: Eta torlojuak. Giltzak ere asko egiten ditugu, kopiak. Egunero-egunero.

Eta ba al da nabarmen behera egin duen produkturik?
M.A.U.: Koñakaren kopak! Garai batean izugarri piloa saltzen ziren, eta gaur egun bat ere ez. Dozena erditik behera urtean.

Hemendik hamar urtetara, irekita ikusten al duzue negozioa?
S.U.: Ari gara erretiroan pentsatzen, baina itxura guztien arabera, etxean ez dugu erreleborik izango.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!