Udazkenerako kultur egitarau bete-betea prestatu du Orioko Udalak

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 8a, 17:48
Mutiozabal ontziola parean egin dute udazkeneko kultur agenda aurkezteko agerraldia, gaur goizean. (Aitziber Arzallus)

Urrirako eta azarorako bederatzi kultur jarduera programatu ditu udalak. Lehendabizikoa datorren ostiralean izango da: Txomin Artolaren kantaldia. Ekitaldietarako sarrerak edo gonbidapenak astebete lehenago jarriko dituzte eskuragai, Kultur Etxean.

Urrirako eta azarorako Orioko Udalak prestatu dituen kultur ekitaldien berri eman dute gaur goizean, Mutiozabal ontziolaren alboko zabalunean egin duten agerraldian. Hain zuzen ere, Xabi Ibarguren Kultura zinegotzia eta Anuska Esnal alkatea izan dira udazkeneko agenda jendaurrean aurkeztu dutenak, eta bidez batez, kulturak Orion duen lekua nabarmendu dutenak.    

Ibarguren izan da hitza hartzen aurrena, eta udazkenerako prestatu dutenez hitz egiten hasi aurretik, udak eman duena ekarri du gogora. "Gure Zirkuarekin 14.000 lagunek baino gehiagok gozatu dute eta, horrez gain, izan ditugu Kalakan, Eñaut Elorrieta, Bulego, Kilimak… Eskaintza zabala prestatu genuen udarako, eta udazkenak ere ekarriko du bererik". 

Osasun larrialdi egoera bukatu izanak, gainera, kultur ekitaldiak beste modu batera antolatzeko aukera emango duela adierazi du zinegotziak. Uneotan, indarrean den dekretu berria aztertzen ari direla esan du, baina aurreratu dezakeela kiroldegian izaten diren ekitaldietarako orain arte baino sarrera gehiago saldu ahal izango dituztela. "Orain arte 220 sarrera jartzen genituen salgai, eta aurrerantzean 400 bat jartzeko aukera izango dugu". 

Udazkenerako eskaintzari dagokionean, bederatzi kultur jarduera antolatu ditu udalak, era guztietako publikoarentzat: musika emanaldiak, ipuin kontaketa saioak, antzerkia, bakarrizketa saioak, erakusketak… Ekitaldiak Karela kiroldegian, Arraunetxen eta Kultur Etxean izango dira; batzuk doakoak, besteak ez. Edozein modutan, sarrerak edo gonbidapenak astebete lehenago jarriko dituzte eskuragai, Kultur Etxean. 

Kultur egitarauari garrantzirik kendu gabe, egitarau hori aurkezteko aukeratu duten tokiari aipamen berezia egin nahi izan dio alkateak, "herria ohikoa ez den ikuspuntu batetik ikusten delako". Ontziola eta errioa "herriko kulturaren zutabe" direla adierazi du Esnalek. "Egoerak ez zuenean laguntzen herriak jakin zuen berrasmatzen eta hemen ontziola bat egiten, eta guk ere gauza bera egin dugu: COVID-19a etorri denean eta dena hankaz gora jarri digunean, guk asmatu dugu gure lehentasunak mahai gainean jartzen eta aurrera ateratzen, eta uste dut udal eredugarria izan garela pandemia guztian kulturaren aldeko apostua egin dugulako. Kulturak behar gaituelako, baina, batez ere, guk kultura behar dugulako".  

UDAZKENEKO KULTUR AGENDA

Urriak 15, ostirala: Txomin Artolaren kantaldia, Arraunetxen, 19:00etan hasi. Sarrera: 2 euro.

Urriak 24, igandea: Izaroren kantaldia, kiroldegian, 19:00etan hasita. Sarrera: 10 euro. 

Urriak 29, ostirala: Bost minutun antzezlana, Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaiaren eskutik, Arraunetxen, 19:00etan hasita. Sarrera: 10 euro.

Azaroak 8, astelehena: Miriam Mendoza ipuin kontalaria, Kultur Etxeko areto nagusian, 17:30ean hasita.

Azaroaren 8tik 19ra: Iosu Garairen argazki erakusketa, Kultur Etxeko areto nagusian.

Azaroak 12, ostirala: Erradikalak ginen bertso eta bakarrizketa saioa, Ahalduntze Eskolaren eskutik, Arraunetxen, 19:00etan hasita. Sarrera: 5 euro.

Azaroak 20, larunbata: Nogenen kantaldia, kiroldegian, 19:00etan hasita. Sarrera: 10 euro.

Azaroak 23, asteartea: Ines Bengoa ipuin kontalaria, Kultur Etxeko areto nagusian, 17:30ean hasita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!