Orioko Euskara Plana lantzeko bilera irekiak egingo ditu udalak

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 17a, 16:00

Kirolen alorreko bilera izango da lehenengoa, asteartean, 18:30ean. Euskararen alorrean zer nahi duten eta hori lortzeko zer egin daitekeen galdetuko diete herritarrei. 

Datozen hamar urteetarako euskara plana egin nahi du Orioko Udalak, eta horren edukia lantzeko helburuarekin, hausnarketa prozesua abiatu du. Oriotarrei eskatu die beren buruei galdetzeko euskararen alorrean zer nahi duten, eta zer egin daitekeen hori lortzeko. 

Gogoeta prozesua ahalik eta zabalena izan dadin, lau lantalde osatuko ditu udaleko Euskara Batzordeak: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Alor bakoitzeko herriko eragileak gonbidatuko dituzte, baina saioak irekiak izango dira, edonork parte hartu ahal izan dezan. Urrian hasi eta urtarrilean amaituko da prozesua. 

Lehen bileran egoeraren diagnostikoa egingo dute, ahulguneak eta indarguneak nabarmenduz. Bigarrengoan, diagnostikoa azaldu ondoren, hamar urterako helburuak finkatu eta helburu horiek lortzeko ekintzak proposatuko dituzte, eta azkenik, hirugarrengoan, lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztu, findu eta osatuko dute. Azken bilera ireki bat ere egingo dute, herritarrei egindako lanaren berri eman eta ekarpen gehiago jasotzeko. 

Kirolen lantaldea izango da abiatzen lehena. Urriaren 19an, asteartean, egingo dute lehen bilera, alor horretan euskarak dituen ahulguneak eta indarguneak identifikatu, eta diagnostiko konpartitua egiteko. Salatxo aretoan izango da, 18:30ean. Kirol elkarteak eta kirolaren bueltako eragileak bileran parte hartzera deitu ditu udalak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!