Orioko Udalaren webgunea, sei hizkuntzatan

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 18a, 17:00

Euskarazko edukiak Elhuyarren Elia itzultzaile neuronalak itzuliko ditu, eta aurrerantzean gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz irakurtzeko aukera ere egongo da. Modu horretan, herritar guztiengana iritsi nahi luke udalak.

Elhuyarren Elia itzultzaile neuronalari esker, aurrerantzean Orioko Udalaren webguneko eduki guztiak sei hizkuntzatan kontsultatu ahal izango dituzte herritarrek: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz.

Gaur egun, euskarazko edukiak beste bost hizkuntza horietara itzultzeko gai da Elia. Etorkizunean beste hizkuntzaren bat eransten badiote, aukera hori ere eskainiko lukeela aurreratu du udalak. Eskura dituen hizkuntza teknologiak baliatzearen helburua "euskaraz hobeto lan egitea" dela zehaztu du erakundeak, "eta, ondoren, udal edukiak ahalik eta hizkuntza gehienetan eskaintzea, herritar guztiengana irits daitezen".

Orioko Udalak eta Elhuyarrek denbora daramate elkarlanean, hizkuntzaren esparruko teknologia berriek administraziorako dauzkaten aukerak aztertzen eta lantzen. Elkarlan horren baitan, eta teknologia berrien testuingurura egokitzeko intentzioarekin, udal langileek trebakuntza saioak egingo dituzte urrian eta azaroan, besteak beste, zuzen eta egoki idazteko tresnak erabiltzen ikasteko. Trebakuntza saioetan parte hartzeko deialdiak harrera "ezin hobea" izan duela zehaztu du udalak, eta 24 udal langilek jasoko dutela prestakuntza.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!