Heriotzari buruzko jaialdia egingo da bigarren aldiz Orion

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 31a, 15:02
Iazko ere "Hil aurretik, nahi dut..." arbela jarri zuten Oteizaren Pietatearen eskulturaren estalpean.

Astelehenean, "Hil aurretik, nahi dut..." arbela jarriko dute Oteizaren Pietatearen eskulturaren estalpean; asteartean, berriz, 'Mendian hil, hirian hil' dokumentala emango dute Kultur Etxean.

Hildakoak gogora ekartzeko egunak datozen honetan, Heriotzari Bizia Ematen jaialdia egingo dute Orion, bigarren urtez jarraian. Heriotzak garrantzia duelako lelopean, heriotzari ikusgarritasuna emateko eta gaia ertz desberdinetatik jorratzeko jarduerak antolatu dituzte datozen egunetarako.

Astelehenerako —azaroak 1— jarri dute lehendabiziko hitzordua, Oteizaren Pietatearen eskulturaren estalpean, 11:00etan. “Hil aurretik, nahi dut…” dioen arbel bat jarriko dute han, herritarrek nahi dutena idatz dezaten, eta hori aurkezteko ekitaldia egingo dute. Han izango dira jaialdiaren antolatzaileak, eta han izango da Ion Luque musikaria ere. Hura arduratuko da ekitaldia girotzeaz, Canciones de transito bildumarekin.

Azaroaren 1ean jarri eta 7ra arte Pietatearen eskulturaren estalpean egongo da arbela, herritarrek hil aurretik egin nahi dituztenak biltzeko zain. “Har ezazu klariona zatia, hurbildu arbelera eta idatzi ezazu. Hartara, zure nahia, zure desio intimo hori, komunitatean zabaldu eta publiko bihurtuko duzu”, esan dute antolatzaileek.

Asteartean, berriz, Mendian hil, hirian hil dokumentala emango dute Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Emanaldian izango dira Iñaki Peña zuzendaria eta Izaskun Andonegi Bidegin elkarteko sortzaile eta presidentea, eta filma ikusi ostean solaserako aukera izango dute han bildutakoek.

Joan nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute 613 02 36 18 zenbakira deituta. Jaialdia Zainbizi elkarteak antolatu du, Orioko Udalaren, Orioko Esperientzi Eskolaren, Zarautz Herri Zaintzailearen eta Euskadi Lagunkoiaren laguntzarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!