Herritarrak hasi dira hil aurretik egin nahi luketena kaleko horma berezian idazten

Onintza Lete Arrieta 2021ko aza. 1a, 13:21

Gaur hasi eta igandera bitartean, azaroak 7, herritarrek aukera izango dute beren desioa idazteko ZainBizi elkarteak Oteizaren Pietatea eskulturaren txokoan jarri duen muralean. Bihar Mendian hil, hirian hil dokumentala emango dute Kultur Etxean.

Iaz bezala, aurten ere Santu Guztien Egunarekin bat hainbat ekitaldi antolatu dute Orion Heriotzari Bizitza Ematen egitasmoaren barruan. Batetik, gaur hasi eta igandera arte, Hil aurretik nahi dut... ekimena antolatu du ZainBizi elkarteak –besteak beste udalaren, Orioko Esperientzia Eskolaren eta Zarautz Herri Zaintzailearen laguntzarekin–. Hala, herritarrek aukera dute horman jartzeko hil aurretik egitea nahiko luketena.

Horman idatzitakoa hantxe geldituko da egun osoz, eta hurrengo goizean, argazkia atera ondoren, ezabatu egingo dute, desio gehiagori tokia egiteko.

11:00etan jarri dute erabilgarri horma, eta dagoeneko ia beteta dago desioz. Amaia Gozategi ZainBizi elkarteko kidea pozik agertu da herritarren erantzunarekin, eta bitxikeria moduan, aipatu du 10 urteko neska bat bertaratu dela. "Batean, jarri du 'urte sabatiko bat' egin nahi duela. Ez nuen espero 10 urterekin halakorik jartzerik, eta beste esaldia, berriz, sakontasun handikoa izan da, jarri duelako 'pertsona hobea izan' nahi duela".

Askotariko desioak

Denetarik idatzi dute bertaratu direnek. Esaldi batzuk oso orokorrak izan dira: "bitzitzaz gozatu", "nire ametsa bizi",  "momentua bizi", "bizitza bizi", "pertsona hobea izan", "bizitzak opa didana osotasunean bizi"..

Beste batzuk, zehatzagoak: "antzerkia egin", "ezkondu", "Aurora Boreala ikusi", "nire pasioa den horretatik bizi", "lagun berriak egin", "bizi naizen moduan bizitzen segi", "neure burua hobeto ezagutu",  "bidaiatu"...

Dokumentala eta solasaldia bihar

Bihar, asteartea, berriz, Mendian hil, hirian hil dokumentala emango dute Kultur Etxean 19:00etan. Bertan izango dira dokumentalaren zuzendari Iñaki Peña Zarauzko bizilaguna eta Izaskun Andonegi Bidegin elkarteko presidentea. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egongo da.

Antolatzaileek gogorarazi dute edukiera mugarik ez dagoela, eta beraz, herritarrak dokumentala ikustera gonbidatu dituzte.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!