Herrio natur taldeak Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko ditu larunbatean plazan

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 3a, 19:30

Besteak beste, lizar, gaztaina, artea, haritz, elorri zuri, gorosti eta astigar haziak banatuko dituzte herriko plazan. 11:00etan hasiko dira, eta 13:30era arte ariko dira horretan. 

Urteroko ohiturari jarraituz, Herrio natur taldeko kideek Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko dituzte larunbatean, herriko plazan. 11:00etan jarriko dute mahaia, eta han egongo dira 13:30ak arte. Ekimenaren helburua da herritarrak sentsibilizatzea bertako zuhaitz espezieak zaintzeak duen garrantziaren inguruan.

Hain zuzen ere, Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko dituzte: lizarra, gaztaina, artea, haritza, elorri zuria, gorostia, astigarra eta abar. Natur taldearen nahia da herritarrek beren etxeetan ereitea plazan jasotzen dituzten haziak, eta landaretxoa sortzen denean, kanpoan landatzea, toki egoki batean.

Haziak banatzeaz gainera, mahaira urreratzen direnei Lurgaia Fundazioaren inguruko informazioa emango diete Herrioko kideek, eta baita herrian sortu nahi duten bertako basoen aldeko dinamikaren berri ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!