Memoriaren Egunaren bueltan, bi ekitaldi antolatu ditu udalak

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 9a, 11:34
Memoria berreskuratzeko lanketaren baitan, herrian egindako hitzaldietako bat.

Ostegunean, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile Javier Bucesek herrian gertatutako giza eskubideen urraketen inguruko hitzaldia emango du. Hilaren 17an, berriz, Irati Goikoetxea idazlearen eta Miguel Angel Llamas Pitu kazetariaren arteko solasaldia izango da. Bi ekitaldiak Kultur Etxean izango dira, 19:00etan hasita, eta ez da gonbidapenik beharko.

Bihar, azaroak 10, Memoriaren Eguna izango da, eta horren harira, bi ekitaldi antolatu ditu Orioko Udalak. Lehendabizikoa ostegunean izango da: Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile Javier Bucesek Giza eskubideen urraketen ikerketa: Orio hitzaldia emango du, Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Besteren artean, memoriaren garrantziaz, Orion egiten ari diren ikerketek herriari egindako ekarpenez, horietatik jasotako ikasketez eta herritarrek ikerketan parte hartzeko duten moduaz jardungo du.

Hain zuzen ere, Orioko Udalak eta Herritarren Foroak hala adostuta, herrian izandako giza eskubideen urraketak aztertzeko hitzarmena sinatu zuten iaz udalak eta Aranzadi Elkarteak. Azterketaren helburua da memoria historikoa eta gertuko memoria ikertzea, bi alditan bereizita: batetik, gerra zibilean eta ondoko bi hamarkadetan (1936-1959) izandako giza eskubideen urraketak (memoria historikoa) eta, bestetik, 1960tik gaur arte izandakoak (gertuko memoria). Herritarren testigantzak biltzeko, bulego bat jarri zuen Aranzadik kultur etxean iazko urrian eta azaroan, eta datozen hiletan ere ildo beretik jarraituko dute lanean.

Bigarren ekitaldia azaroaren 17rako antolatu dute, eta Irati Goikoetxea idazlearen eta Miguel Angel Llamas Pitu kazetariaren arteko solasaldi bat izango da; hori ere Kultur Etxean eta 19:00etan hasita. Goikoetxeak Herriak ez du barkatuko eleberria aurkeztu berri du; aita ETAk hil zion neska bat da liburuko protagonista, eta hogei urte beranduago bizirik jarraitzen duen zauriaren ingurukoak ditu aztergai. Llamasek, berriz, Amaia Merino zinemagilearekin batera, Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuen iaz Donostiako 68. Zinemaldian. 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ondoren desagertu zen Mikel Zabalzaren kasua du oinarri dokumentalak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!