Javi Buces: "Testigantza interesgarri asko ezkutuan daude oraindik"

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 10a, 19:09

Memoriaren Egunaren bueltan bi ekitaldi antolatu ditu Orioko Udalak, eta horietako bat da bihar Aranzadiko ikertzaileak emango duen hitzaldia: Giza eskubideen urraketen ikerketa: Orio. Kultur Etxean izango da, 19:00etan hasita.

Zertaz hitz egingo duzu biharko hitzaldian?

Hitzaldiak bi zati izango ditu. Lehendabizi, memoria ikertzeko eta berreskuratzeko egiten ari garen lanketaz jardungo dut, orokorrean. Honek denak 2000. urtean du jatorria, Paco Etxeberria eta haren kideak exhumazioekin hasi ziren garaian. Orduan hasi zen sortzen memoria historikoa berreskuratzeko interesa, eta horren ondorioz hasi ginen gu tokiko ikerketak egiten, elkarteek eta udalek hala eskatuta. Lehen liburua Tolosan argitaratu genuen duela hamar urte, eta harrezkero beste udalerri askotan jardun dugu ikerketak egiten. Garrantzitsua da aipatzea bi partetan egin ohi dugula ikerketa lan hori: batetik, memoria historikoa deitzen dioguna ikertzen dugu, 36ko gerran eta gerraosteko testuinguruan diktadurak eragindako giza eskubideen urraketak eta errepresioa; eta bestetik, gertuko memoria deritzoguna, frankismoaren bigarren partean eta euskal gatazka politikoaren ondorioz jazotako giza eskubideen urraketak. Hitzaldiaren bigarren zatian, berriz, Orion zentratuko naiz, eta azalduko dut nola doan herrian egiten ari garen ikerlana.

Zer puntutan dago Orioko ikerketa?

Martxa onean doa. Momentuz, 230 biktima ditugu identifikatuta; 160 dira memoria historikoaren garaikoak, eta gainontzeko 70ak, gertuko memoriaren garaikoak. Uneotan, artxiboetan dagoen informazioa biltzen ari gara. Tokiko artxiboa eta artxibo probintziala begiratuta ditugu, eta Espainiako hainbat artxibotatik, tartean artxibo militarrak, dokumentazioa bidali zain gaude. Bitartean, herrian egin ditugun hamabi elkarrizketetan bildutako informazioa eta ditugun datuak kontrastatzen ari gara, eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, datu basea osatzen. Datu base horretan, pertsona bakoitzak dauka bere fitxa, eta fitxa hori osatzen dugu datu pertsonalekin, jasan duen eskubide urraketa motarekin, eta hori frogatzeko ditugun elementuekin. Guretzat, historialari bezala, frogen atal hori da garrantzitsuena, horrek erakusten baitu benetan pertsona bakoitzak jasan behar izan duena. Horretarako, batzuetan, testigantzak oso garrantzitsuak izaten dira, ez dagoelako dokumentaziorik. Esaterako, tortura kasuetan, normalean ez da egoten dokumentaziorik, soilik lekukotasunak izaten ditugu; eta estortsio ekonomikoa egon den kasu askotan ere, gauza bera gertatzen da.

Udazkenean zabalik egon zen Memoriaren Bulegoa. Zer parte hartze izan zuten oriotarrek? Nolako ekarpenak egin zituzten?

Ekarpen onak eta oso interesgarriak egin zituzten. Izan ere, gu lanean hasi aurretik, Orion bazegoen bizikidetzako batzorde bat, eta hark egindako lanari esker, memoria berreskuratzeak duen garrantziaz kontzientzia bazuten herritarrek. Horrek guri asko erraztu dizkigu lanak, eta jende asko etorri zen bulegora. Zenbait herritan jendearen atzetik ibili behar izaten dugu, baina Orion, jendea etorri egin zen. Gainera, aipatzekoa da era guztietako testigantzak bildu ditugula, alde batekoak zein bestekoak, eta hori ez da horren ohikoa izaten. Zentzu horretan, esango nuke Orioko ikerlana nahiko orekatua gelditzen ari dela. Dena dela, aprobetxatu nahi nuke berriz ere herritarrei dei egiteko eta gugana etor daitezela eskatzeko, badakigulako testigantza interesagarri asko ezkutuan daudela oraindik. Badakit badaudela biktima larriak Orion, Oroimenaren Bulegora azaldu ez direnak eta gurekin harremanetan jarri ez direnak, eta memoria osorik berreskuratu nahi badugu, horien beharra daukagu.    

Noizko aurreikusten duzue Orioko ikerlana bukatzea?    

Datorren urtean bukatzea espero dugu, webgune batekin. Han jasoko dugu bildu dugun informazio guztia, elkarrizketak barne, herritarrek eskura izan dezaten, eta beti egongo da hori osatzen joateko aukera. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!