Hilberria

Esteban Azkue plater tiratzaile ohia hil da

Karkara 2021ko aza. 14a, 14:15

Atzo zendu zen 77 urte zituela. Hainbat lorpen izan zituen nazioarteko txapelketetan, eta Montrealgo Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte.

70eko hamarkada hasieratik sekulako gorakada izan zuen Esteban Azkue oriotarrak (1944-2021) plater tiroan. 1974an, Europako txapeldun izan zen bi modalitate ezberdinetan, eta 1975ean trap modalitatean bere hirugarren Espainiako Kopa lortzeaz gain, brontzezko domina lortu zuen taldeka Munduko Txapelketan. Aurrekariak ikusita, 1976ko Montrealgo  Olinpiar Jokoetan emaitza txukuna lortuko zuela aurreikusten zuten askok. Espainiako selekzioak Eladio Vallduvi eta bera aukeratu zituen, baina oriotarrak 11. postuan bukatu zuen hitzordu garrantzitsuan.

Bere ibilbideko unerik gozoena, ordea, urtebete geroago etorriko zen. Nazioarteko hamahiru txapelketa irabazi zituen, eta munduko txapeldun izan zen banaka eta txapeldunorde taldeka. Espainiako Kiroletako Goi Kontseiluak Baron de Guell Kopa oroigarriarekin aitortu zuen bere balentria urte hartan.

Federazioarekin izandako liskar baten ondorioz, selekziotik kanporatu zuten. Azkueri kostatu egin zitzaion bere maila berreskuratzea, eta ez zuen 1980ko Moskuko Jokoetarako plazarik lortu. Hala ere, lehiatzen jarraitu zuen, eta 1984ko Los Angeleseko hitzordurako aurre-hautatuen artean egon zen, baina, azkenean ez zuen parte hartu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!