Oria ibaiko 28. ontziralekua kendu dute

Karkara 2021ko aza. 18a, 17:56

Urtearen hasieran Espainiako Kosta Zuzendaritzak gutun bana bidali zien Oria ibaian dauden 65 ontziralekuen jabeei, horiek legeztatzeko proiektu bana aurkezteko eskatuz. Bakoitza bere aldetik ibiltzea bideraezina zela iritzita, Anuska Esnal alkateak eta alunetako baten jabe Luis Azkuek proiektu bateratu bat aurkezteko ardura hartu zuten. Ontziralekuen inbentarioa egin dute, eta udalaren nahia da elkarte bat sortzea.

Espainiako Kosta Zuzendaritzak aginduta, Ibai Ondo pasealeku parean zegoen 28. ontziralekua kendu dute gaur goizean. Atzo jakin zuen udalak Kosta Zuzendaritzaren asmoa, eta azken hilabeteotan ontziralekuen jabeekin egindako lanketa prozesuaren ostean etorri da erabakia.

Oria ibaian, Ibai Ondo pasealekuaren parean, 65 ontziraleku edo alune daude; beste hainbat Aitzondo inguruan eta ibaian gora jarraituta. Haien jabeek urte hasieran jaso zuten Espainiako Kosta Zuzendaritzaren gutuna, ontziralekua legeztatzeko proiektu bat aurkeztu behar zutela esanez. Horretarako, bi arrazoi nagusi eman zizkieten: ontziralekuen jabeen datuak zehaztea, eta balizko istripuen aurrean, arduradunak finkatzea.

Ontziralekuen jabe gehienak adineko pertsonak dira, eta Kosta Zuzendaritzaren eskaerari aurre egiteko, zailtasun administratiboak eta kostu ekonomiko nabarmenak aurreikusten zituzten jabeek. Horren aurrean, Anuska Esnal alkateak proiektu bateratua gauzatzeko ardura hartu zuen bere gain. Alunetako baten jabe den Luis Azkuerekin batera, inbentarioa egiteko proposamena egin zieten jabe guztiei, ontziraleku bakoitza norena den eta zein egoeratan dagoen jakiteko. Eta, astebetez, udaletxeko bulegoa zabaldu zieten, Kosta Zuzendaritzari bidali beharreko eskaera administratiboa idazkariaren laguntzarekin egin zezaten.

Esnalen hitzetan, aluneak herriaren ondare dira, eta haiek egoera onean mantentzea ezinbestekoa da: "Kirol portutik kanpora, itsasontzi txikiak herrian bertan edukitzeko aukera ematen diete herritarrei, eta balioan jarri behar dira". Azkueren iritziz, "guztiontzako araudi bat sortzea garrantzitsua da, eta esker ona adierazi nahi diogu udalari, lidergoa hartu duelako".

Udalak aurkeztutako txostenean proposatutakoari jarraituz, Espainiako Kosta Zuzendaritzak egoera txarrean zegoen lehen ontziralekua kendu du gaur. Atzo jakinarazi zioten udalari, eta itsasbehera aprobetxatuz, goizean goiz erretiratu dituzte piezak.

Aldez aurretik, Azkuek berak ere hiruzpalau kendu ditu jabeekin adostuta. "Ontziralekuen eskari handia dago, geroz eta gehiago direlako ontzia hemen eduki nahi duten kanpotarrak. Eta ez Orion bakarrik. Horregatik, gaian ardura dutenei erantzun bat bilatzeko eskatu nahi diegu".

Aurrera begira, udalaren asmoa da ontziralekuen jabeen elkarte bat sortzea. "Herritarrek beldurra zuten, baina egoerari konponbidea eman behar zitzaion, eta udalak administrazioarekin eta Kosta Zuzendaritzarekin duen harremana aprobetxatuz, gaia bideratu dugu", gaineratu du Esnalek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!