Sanikolasak ospatzeko udalak egin duen ahalegina nabarmendu du alkateak

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 1a, 15:22
Ana Priede Orioko Udaleko PSE-EEko zinegotzia, Anuska Esnal alkatea, Jose Jabier Gomez de Segura EAJko zinegotzia eta Iker Apaolaza kultur teknikaria. (Aitziber Arzallus)

Festak normaltasunez ospatzearen eta ez ospatzearen artean, erdibideko aukera bat lantzen saiatu direla ziurtatu du Anuska Esnal alkateak, horretan aritu direla atzora arte. "Baina datuek erakusten dute herriko egoera okerrera doala, eta azkenean, azken asteetan eraikitako guztia erori egin da". Hitzartutako zenbait jarduera beste data batzuetan egiteko konpromisoa hartu du udalak, eta orain arte sortutako gastuak bere gain hartuko ditu.

Orioko Udalak atzo jakinarazi zuen San Nikolas jaiak bertan behera uzteko erabakia, baina erabaki horren nondik norakoak gaur azaldu ditu Anuska Esnal alkateak. Udaletxeko areto nagusian egin duten agerraldian, alkateak alboan izan ditu Ana Priede PSE-EEko zinegotzia, Jose Jabier Gomez de Segura EAJkoa eta Iker Apaolaza kultur teknikaria. Esnalek beharrezko jo du herritarrei azalpenak ematea, ulertarazteko udalak zergatik hartu behar izan duen horrelako erabaki bat festetarako horren egun gutxiren faltan. Gainera, festak ospatuko ez diren arren, horien antolaketan herritarrek, eragileek eta udalak egin duten lana nabarmendu du. "Emaitzak batzuetan etortzen dira eta besteetan ez dira etortzen, baina egin dugun bideari daukan balioa eman nahi nioke, eta herritarrei esan udalak ahalegin berezia egin duela herriko festak egon zitezen, ulertzen dugulako osasun fisikoa bezain garrantzitsua dela osasun emozionala, eta ikusten dugulako festak egiteko behar hori".

Urriaren 6an Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera indargabetu izanak ustekabean harrapatu zituela aitortu du Esnalek, eta asko harritu zituela ondorengo egunetan hainbat alkatek prentsan iragartzeak beren herrietan festak normaltasunez ospatuko zituztela. Joera hori zela ikusita, Orion ere sanikolasak antolatzeari ekin zieten, eta bi hilabeteotan, Festa Batzordeak herritar eta eragileekin hainbat bilera egin ditu egitaraua zehazten eta lotzen joateko.

Erdibideko aukeraren bila

Azaroaren 17an, ordea, belzten hasi zen panorama. Pandemiaren bilakaera neurtzeko erabiltzen dituzten datuak okertzen ari zirela eta, 150etik gorako intzidentzia tasa zuten herrientzat jarraibide berriak eman zituen Eusko Jaurlaritzak, eta udalen gain utzi zuen ardura guztia. Ordutik, tokian tokiko udalaren ardura da herrian egiten diren ekitaldiak modu seguruan egingo direla ziurtatzea, eta hori egin ezin den kasuetan, ekitaldi horiek galaraztea edota bertan behera uztea. "Ziurrenik, momentu horretan udalarentzat errazena izango zen festak bertan behera uztea, 6.000 biztanleko herri bat, daukagun aurrekontuarekin, ez delako gai horrek eskatuko lukeen kontrola ezartzeko, eta pertsonalki ere horren aldekoa ez naizelako". Hala ere, "herritarrek festetarako zer-nolako gogoa eta behar emozionala daukaten ikusita", jaiak ospatzeko saiakera egitea erabaki zutela esan du alkateak. "Pentsatu genuen egon zitekeela baiezkoaren eta ezezkoaren arteko erdibide bat izan zitekeena, eta udaleko Bozeramaileen Batzordeak hala erabakita, erdibideko aukera hori lantzeari ekin genion".

Esnalek azaldu du Festa Batzordeak atondutako egitarauak jasotzen zituen jarduerak egingarriak zirela, horiek aurrera eramatea posible ikusten zutela, horrelako ekintzak astero antolatzen direlako han eta hemen. Benetako erronka beste bat zuten: herrira jende uholdea etortzea saihestea. "Ikusi genuen horretarako modu bakarra zela gaueko festa hori moztea; ez gaua kriminalizatzeko helburuarekin, baizik eta inguruko herrietako jendea etor ez zedin". Ildo horretan, tabernariekin ordutegia murriztea hitzartuta eta guzti zutela esan du.

Bide "aberatsa"

Baina ahalegin guztiak hutsean gelditu dira azkenean. "Bidea aberatsa izan da eta zubi pila bat eraiki ditugu herritarrekin. Polita da sentitzea jendea gai dela egoerara egokitzeko, arduraz eta ahaldunduta erdibide horietara iristeko, eta horretan saiatu gara atzora arte. Baina datuek erakusten dute herriko egoera okerrera doala, eta azkenean, azken asteetan eraikitako guztia erori egin da".

Horrenbestez, bertan behera gelditu dira abenduaren 5etik 8ra bitartean udalaren jai egitarauaren barruan egitekoak ziren jarduera guzti-guztiak. Horietako zenbait beste data batzuetan egiteko konpromisoa hartu du udalak, eta baita orain arte sortutako gastuak bere gain hartzekoa ere. Hori bai, garbi utzi du udalak ez duela baliabiderik eta laguntzarik emango egun horietan herrian antolatu ditzaketen bestelako jardueretarako, horiek antolatzen dituena edozein dela ere. 

(Bideoa: Urtzi Oteiza)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!