Datorren udarako prest izan nahi dute herriko bidegorri-sarea

Iñigo Gaiton 2021ko abe. 2a, 17:10

Udalak prest izan nahi du 2022ko udarako herria eta hondartza lotuko dituen bidegorria.

Udalak ohar bidez plazaratu duenez, "lehentasunezko proiektua" izango da bidegorriarena datozen hilabeteetan. Izan ere, 2022rako prest izan nahi dute herria eta hondartza lotuko dituen bidegorri zatia. Earki arkitekto-bulegoak egin du proiektuaren diseinua. Orain, desjabetzeak gauzatuko dituzte, eta ondoren obra adjudikatuko dute.

Autopistako eta Bikamiotako biribilguneen arteko tartean bidegorria eginda, herriko bidegorri-sarea borobilduko du udalak. "Trafiko handiko tartea da, hondartzara, Zaragueta Herri Eskolara, Abaromendira eta hondartzara doazen herritarrek erabiltzen dutena nagusiki", azaldu dute.

Azken hilabeteetan, proiektu desberdinak izan dituzte eskuartean, eta inguruko lur-jabeekin adostu ondoren, bidegorria zuzen egiteko akordioa egin dute.

Bidegorriaren obrak, gune horretan beste zenbait lan egiteko ere aprobetxatuko dituzte; besteak beste, hondartzako bidea asfaltatuko du udalak, ezker-eskuineko espaloiak berrituko ditu eta argiteria publikoa indartuko du.