Eugenio Azkueren Tolosako margolanak, zaharberrituta

IƱigo Gaiton 2021ko abe. 8a, 11:00

Azkue oriotarra margolariezaguna izan zen XIX. mendean. Hark Tolosako Santa Maria parrokian egindako pintura muralak zaharberritu dituzte orain. 

Tolosako Santa Maria parrokian, Eugenio Azkuek (Orio, 1822 -  Donostia, 1890) margotutako sei artelan daude, hogei metrotik gorako altueran. Margolan guztiek obra bat osatzen dute beren baitan, eta Tolosako Udalaren enkarguz egin zituen artistak. 

Behetik gora begiratuta, artelanek ez dirudite oso handiak, baina efektu optikoa nahasgarria da. «Zazpi metroko zabalera du artelan bakoitzak, eta lau metroko altuera», azaldu du Carmen Martinek (Arrasate, 1965). Berak bertatik bertara eta xehetasun handiarekin ezagutzen ditu margolanak, azken hilabeteotan haien zaharberritze lanetan aritu baita buru-belarri. 

Taller CM Restauracion enpresaren ardura du Martinek, eta Tolosoan,  Maria Berges eta Aiora Elkororekin osatu du lan-taldea. 

Zaharberritzailearen arabera, Azkueren parrokiako obrak badu bereizgarri bat, zeina artistaren «talentu handiaren» adierazle den. «Pintura mural hauek altueran egiteko pentsatuta egon arren, alegia, jendearen begietatik xehetasunak apreziatu ezin litezkeen tokian, Azkuek zehaztasun ikaragarriarekin margotu zituen irudiak». 

Gaztea zela, Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademiako zuzendariak, Federico Madrazok, ezagutu zuen margolaria, eta oriotarraren dohainak ikusita, Madrilera joateko gonbita egin zion, ikasketa akademikoak egiteko aukera izan zezan. Ondoren, nazioartean jarraitu zuen ikasten, Erroman eta Parisen, besteak beste. Horregatik, Martinek dio nabarmena dela Azkueren obran «klasikoen influentzia; tartean, Rafaelena eta Poussin-ena». 

Nazioartean ibili eta gero, Euskal Herrira itzuli zen, eta hemen, batez ere, pintura erlijiosoan eta pertsonaia historikoen (Juan Sebastian Elkano, Alfonso VIII erregea…) erretratuetan espezializatu zen. Euskal Herriko zenbait elizatan ikus daitezke bere lanak; Tolosako parrokiaz gain, besteak beste, Orioko Bariko San Nikolas Elizan eta Donostiako Santa Maria Parrokian ere margotu zuen artistak. 

Prozesu delikatua
Martinen arabera, «balio handia» du Tolosako parrokiako obrak: «Pintura muralaren arloan, ezaugarri hauek dituzten obra oso gutxi daude Gipuzkoan». Artxiboetako datuen arabera, 1856an egindakoak dira artelanak. Ordutik, oraingo hau dute lehen zaharberritze profesionala.

Martin kontu handiarekin mintzo da bere ofizioaz. «Zaharberritzaileon lanak ikerketa lan handia izaten du atzean. Obrari eskua sartu aurretik, gauza asko argitu behar izaten dira», azaldu du. Segidan, parrokian egindako lanaren faseak aletu ditu. «Aurrena, azterketa bat egiten da, obraren kontserbazio egoera nolakoa den zehazteko, batetik, eta bestetik, margolana zein teknikarekin egin zen argitzeko». 

Ondoren, hamarkadaz hamarkada obraren degenerazioan eragin duten faktoreak zein izan diren zehaztu zuten: haizeak Elizako beira-leihoak hautsi zituen, eta ondorioz, ur filtrazioek zuzenean kaltetu zituzten obrak; sutea ere izan zen eliza barruan, eta horrek eragindako beroak eragina izan zuen artelanetan; gizakiaren esku-hartzeen ondorioz ere kaltetu dira pinturak (elizako mantenu lanak egin zituzten paretetan, eta ustekabean, kaltetu egin zituzten margolanak). 

Martinen arabera, hurrengo fasea izan zen obra guztia ondo dokumentatzea argazkien bidez, eta «kalteen mapak» egitea. Hori amaitutakoan, esku-hartzearekin hasi ziren: «Aurrena, altxatuta zeuden pintura zatiak finkatu genituen. Ondoren, berniz kapa kendu genien pinturei artelanei. 

Izan ere Marin eta bere lan taldearen esku-hartzearen aurretik, obrak oso ilunak zeuden, gainean zuten berniz esku baten ondorioz. «Gure ikerketan ikusi zen Azkuek ez ziela bernizik eman obrei, eta besteren batek egina zela hori, ideia handiegirik gabe». 

Kapa hori kentzeaz gain, margolanen gainean egindako konponketa txarrak ere kendu zituzten. «Aurretiazko ikerketekin lortutako informazioari esker, obra originala kaltetu gabe lan egiteko gai gara margolanen gainean; kontu handiarekin ibili behar izaten dugu prozesu guztian zehar». 

Iragana eta etorkizuna
Zaharberritzaileen lana, denboran etenik ez duen hari baten modura ulertu behar da. Tolosako kasuan, duela 165 urte egindako artelan batzuen gainean aritu dira lanean Marin eta lankideak. Haien interbentzioa bukatutakoan, txosten mardul bat idatzi behar izan zuten, ondorengoei informazioa uzteko. «Txosten hauek garrantzitsuak dira, etorkizunean zaharberritze lanak egin nahi badituzte, gure azterketen eta interbentzioaren informazio xehea izan dezaten». 

Elizan batera eta bestera, Marin bokazioz mintzo da bere ofizioaren inguruan. «Lan eskertua da. Izan ere, artelan batzuk oso egoera txarrean hartzen dituzu, eta zaharberritu ahala, xehetasunak azaleratzen hasten dira». 

Lanaren alderdi onak azaltzearekin batera, alde ilunaren berri ere eman du. «Oso ezegonkorra da sektorea, eta jende askok laga egiten du, zaila delako proiektuak bata bestearen atzetik lortzea». 

Azterketen fasea kontuan izan gabe, ia urtebete behar izan dute Azkueren sei artelanen interbentzioa egiteko. Denbora horretan artelanekin harreman estua izaten dutela kontuan izanik, haien lana artistikoa ote den galdegin zaio. «Ez, zaharberritzaile batek ezin du bere burua artista modura ikusi. Obraren zerbitzura jarri behar dituzu zure lana eta ezagutza, eta artistarekiko errespetu handienarekin jokatu behar duzu».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!