Oliden nagusitu da Azkoitiko sanandresetako kintopekoen idi dema sarian

Andoni Elduaien 2021ko abe. 8a, 11:09

57 plaza, zinta bat eta 1,38 metro egin ditu bart Orioko uztarriak Azkoitiko Gurea probalekuan. Lopategik eta Txinlok osatu dituzte bigarren eta hirugarren postuak.

Olidenek irabazi du 2021. urteko Azkoitiko San Andres jaietako kintopekoen idi dema saria. Azkoitiko Probalari Elkarteak antolatuta, bi jardunalditan banatuta jokatu dute aurten uztarri onenen arteko lehia, eta atzo, asteartea, aritu ziren hiru etxetako idi pareek osatu dute aurtengo podiuma; izan ere, Olidenek jantzi du txapela Gurea probalekuan 57 plaza, zinta bat eta 1,38 metro eginda –39 kiloko gainkargarekin–. I. Oliden eta G. Bolaño aritu ziren itzain lanetan, eta Inazio Oliden erlojuarekin. 

Oriotarraren ondoren sailkatu da Birleko (Bizkaia) Lopategi, 54 plaza, lau zinta eta 2,35 metro eginda –42 kiloko gainkargarekin–. Hirugarren, berriz, Lemoizko (Bizkaia) Txinlo etxeko idiak sailkatu dira, 53 plaza osatuta –42 kiloko gainkargarekin–. Nola astelehenean, hala atzo, jende ugari elkartu zen Gurea probalekuan, eta di dema "onak" ikusteko aukera izan dute.

Podiumetik kanpo

Astelehenean jokatu zuten lehen jardunaldia, eta orduan lau itzain eta horien idi pareak aritu ziren nor baino nor gehiago. Hala eta guztiz ere, orduan egindako markek ez dute balio izan lehen hiru onenen artean sartzeko. Maruriko (Bizkaia) Asador Iruña etxeko idiek egin zituzten plaza gehien astelehenean, eta hori horrela, laugarren sailkatu dira; 49 plaza egin zituen Gurea probalekuan –7,5 kiloko gainkargarekin–.

Bosgarren postuan sailkatu da Lezoko (Gipuzkoa) Olazar Eraikuntza etxeko uztarria, 48 plaza, bi zinta eta 3,84 metro eginda –57 kiloko gainkargarekin–; seigarrenak izan dira Errezilgo Bixkiak, 42 plaza eta 2,30 metro eginda –42 kiloko gainkargarekin–; eta, azkenik, zazpigarren sailkatu da Hernaniko (Gipuzkoa) Intxaurburu etxeko uztarria, 34 plaza egin zituen –16,5 kiloko gainkargarekin–.

Argazkiak: Ibon Errazu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!