Gabon garaiko kultur programazioa aurkeztu du Orioko Udalak

Mireia Galarza Bastida eta Julen Imaz 2021ko abe. 10a, 16:13

Abenduaren 10ean hasita, urtarrilaren 5era arte "orotariko proposamenak" izango dira herrian, tartean Danbolin musika eskolaren Gabonetako emanaldia eta urte amaierako San Silvestre herri lasterketa.

Gaur aurkeztu dute Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak datozen asteetako kultur programazioa. Udaleko Kultura sailaz harago, herriko eragileek "modu boluntarioan eta beraien interesak kontuan hartuta" prestatutako egitaraua dela nabarmendu dute aurkezpenean, "orotariko proposamenekin". 

Ekitaldien artean, Gabonei lotutakoak hainbat izango dira, tartean, Danbolin musika eskolaren Gabonetako emanaldia, Herribil ikuskizuna, Mari Domingi eta Olentzeroren zein Erregeen etorrerak, eta etxeko txikienentzako puzgarriak. 

Horiez gain, kirolari lotutako bi saio ere programatu dituzte: Talai Mendi elkarteak antolatutako Aritz Ganboaren Bideak dokumentalaren proiekzioa, eta urte amaierako San Silvestre herri lasterketa. Bere aldetik, kultur emanaldien zerrenda ere "oparoa" izango da: Mugaldekoak eta Ibil Bedi taldeen kantaldiak, Goiko Gelaren gospel kontzertua, eta familientzako Zaborra antzezlana, besteak beste. 

Hamazazpi hitzordu ageri dira guztira abendu eta urtarrileko egutegian:

Abendua 

- Abenduaren 10ean, Jostailuen bilketa, 17:00etatik 19:00etara Salatxon. Herrio taldeak antolatua. 

- Abenduaren 10ean, Mugaldekoak taldearen kantaldia, 19:00etan Arraunetxen. Sarrera: 5€. 

- Abenduaren 11n, Jostailuen trukea, 10:30etik 14:00etara Salatxon. Herrio taldeak antolatua. 

- Abenduaren 13tik 23ra, Garabide elkartearen erakusketa kultur etxean: Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen

- Abenduaren 13an, Miriam Mendoza ipuin kontalaria, 18:00etan kultur etxean. 

- Abenduaren 17an, Bideak dokumentalaren proiekzioa, 19:00etan kultur etxean. Talai Mendi elkarteak antolatua. 

- Abenduaren 17an, Ibil Bediren kantaldia, 19:00etan Arraunetxen. Sarrera: 5€. 

- Abenduaren 18an, JOKAI. Euskal mitologiako jolasak eta tailerrak, 11:00etan udal-pilotalekuan. 

- Abenduaren 20an, Leire Zinkunegi ipuin kontalaria, 17:30ean kultur etxean.

- Abenduaren 23an, Danbolin musika eskolaren Gabonetako kontzertua, 18:00etan plazan. 

- Abenduaren 23an, Herribil ikuskizuna, 22:00etan Karela kiroldegian. Harribil dantza-taldeak antolatua. 

- Abenduaren 24an, Mari Domingi eta Olentzerori ongietorria, 18:15etik aurrera herriko kaleetan. Lera taldeak antolatua. 

- Abenduaren 26an, The Joselontxo’s txarangaren kalejira, 12:30etik aurrera herriko kaleetan.

- Abenduaren 27an, Zaborra familientzako antzezlana, 18:00etan kultur etxean.

- Abenduaren 28an, Goiko Gelaren gospel kontzertua, 19:00etan San Nikolas elizan.

- Abenduaren 31n, San Silvestre lasterketa, 11:00etatik 13:00etara plazan. Orioko Atletismo Taldeak antolatua. Izen-ematea: herrikrosa.eus 

Urtarrila 

- Urtarrilaren 3an eta 4an, Puzgarriak, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara Karela kiroldegian. 

- Urtarrilaren 5ean, Erregeen desfilea, 18:00etatik 21:00etara plazan eta Karela kiroldegian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!