Zabalik da San Silvestre lasterketan izena emateko epea

Mireia Galarza Bastida 2021ko abe. 12a, 09:00

Umeen probak 11:00etan hasiko dira, eta helduena, aldiz, 12:00etan. Aurten, berrikuntza moduan, helduen lasterketak parte hartu nahi dutenek herrikrosa.eus atariaren bitartez egin beharko dute. 

Beste urte batez, Orioko Atletismo Taldeak urte amaierako San Silvestre lasterketa antolatu du udalaren laguntzarekin. Izen ematea zabalik da jada, eta aurtengo berrikuntza moduan, herrikrosa.eus atariaren bidez egin beharko da, eta 8 euroko kostua izango du. Abenduaren 31n, goizeko 11:00etan, izango da lehen hitzordua, eta adinaren araberako taldeetan banatuta hartuko dute parte HH5etik DBH2ra arteko gaztetxoek.

HH5etik beherako haurren 150 metroko proba hasiko da ordu horretan, LH1 eta LH2ko umeena 11:10ean, eta 300 metrotan egin beharko dute lasterka. 11:20an, berriz, LH3 eta LH4ko haurren txanda izango da, eta 600 metroko proba izango dute. 11:30ean, amaitzeko, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 mailakoek egingo dute korrika, 1.700 metro osatu arte. Gaztetxoek ez dute aurrez izenik eman behar, eta lasterketa doakoa izango da haientzat.

Helduen proba, aldiz, 12:00etan abiatuko da, eta 5.000 metro inguruko ibilbidea egingo dute guztira: 1.700 metroko buelta txikia eta 3.300 metroko buelta handia. Azken urteetakoarekin alderatuta, hondartzako zatia laburragoa izango da aurten. Sariei dagokienez, lehen hiru emakumeentzako eta gizonentzako garaikurrak izango dira, eta parte hartzaileen artean sariak zozkatuko dituzte. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!