Udalak eta kultura eta euskara arloetako eragileek bihar egingo dute Euskara Plana lantzeko bigarren bilera

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 13a, 16:30

Salatxo aretoan bilduko dira, 18:30ean. Udalak zuzenean gonbidatu ditu herriko kultur elkarteak eta euskara arloko eragileak, baina besteren batek bilerara azaldu nahi badu, zabalik izango ditu ateak, bilera irekia izango baita.

Datozen hamar urteetarako Orioko Euskara Plana osatzeko lanketak aurrera jarraitzen du. Gauzak modu ordenatuan egiteko, udalak estrategikotzat jotzen dituen lau lantalde osatu zituen: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Haietako bakoitzarekin bilera bana eginda, bigarren erronda egiten ari da orain, eta bihar bilduko da bigarrenez sentsibilizazio eta ahalduntze lantaldearekin. Bilera horretara herriko kultur elkarteak eta euskara arloko eragileak gonbidatu ditu udalak, baina besteren batek bilerara azaldu nahi badu, zabalik izango ditu ateak, bilera irekia izango baita. Datorren asteartean bilduko da Salatxo aretoan, 18:30ean. 

Urtarrilera bitartean lantalde bakoitzarekin gutxienez hiru aldiz biltzea aurreikusten du udalak. Lehendabiziko bileran, ahulguneetan eta indarguneetan jarri zuten arreta, egoeraren diagnostiko ahalik eta zehatzena egiteko. Biharko bileran, aurrena, lehen saioan bildutako informazioarekin osatutako diagnostikoa aurkeztuko dute, eta ondoren, datozen hamar urteetarako helburuak finkatuko dituzte, eta baita horiek lortzeko ekintzak proposatu ere. Hurrengo bileran, berriz, lantaldeak ordura arteko egindako lanaren emaitza aurkeztuko dute, fintzeko eta osatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!