Euskal mitologian oinarritutako jolasetan ibiltzeko aukera izango da larunbat goizean

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 16a, 11:15

11:00etatik aurrera, adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak gauzatuko dituzte udal pilotalekuan, Jokai konpainiaren eskutik. Euskal mitologian oinarritutako jolasak sortzen ditu Jokai konpainiak, jolas inklusibo, autonomo, sortzaile eta kooperatiboari balioa ematea helburu dutenak.

Udalak Gabon garairako prestatutako egitarauaren barruan, euskal mitologian oinarritutako jolasak eta tailerrak izango dira larunbatean Orioko Udal Pilotalekuan, Jokai konpainiaren eskutik. Adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak gauzatuko dituzte, 11:00etatik aurrera. Euskal mitologian oinarritutako jolasak sortzen ditu Jokaik, jolas inklusibo, autonomo, sortzaile eta kooperatiboari balioa ematea eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea dute helburu dutenak, gailu elektronikoek jolasteko eta erlazionatzeko modua bereganatu duten garaiotan.

Eskuz egindako eta euskal mitologian oinarritutako sormen jolasekin osatutako Larun instalazio ibiltaria jarriko dute larunbatean Orion. Bi espazio izango ditu: alde batetik, Mari, hiru urtetik aurrerako herritarrentzako jokoak biltzen dituena, Tartalo eta Basajaun guneetan bereizita; eta bestetik, Montessori gunea, txokoka antolatutako materialarekin, hiru urtera arteko haurrentzat. Txoko horiek esperimentatzeko eta zentzumenak zein bizipenak manipulatzeko diseinatuta daude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!