Herriko saltokietan eltzeitsu solidarioak jarriko dituzte, beharrean dauden familiei laguntzeko

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 17a, 09:00

Arkupe merkatarien elkarteak udalaren eta Caritasen babesarekin gauzatuko du ekimena, eta bi helburu ditu: egoera zaurgarrian dauden herriko familiei laguntzea eta herriko merkatari txikiei bultzada ematea. Bihar jarriko dituzte eltzeitsuak dendetan, eta Gabonak pasatakoan kenduko dituzte.

Arkupe merkatarien elkarteak, udalaren eta Caritasen babesarekin, Eltzeitsu Solidarioak ekimena jarriko du martxan bihar. Hain zuzen ere, elkarteko saltokiek itsulapikoak jarriko dituzte mostradoreetan, herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Horien aldamenean ekimenaren nondik norakoak azaltzen dituen kartel bana ere jarriko dute, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Eltzeitsuetan bildutako dirua Caritasek jasoko du, eta, diru horrekin, erosketak egingo ditu herriko dendetan. Erositako produktuak poltsetan sartu, eta udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, egoera zaurgarrian dauden herriko familien artean banatuko ditu, premien arabera. Modu horretara, bi gauza lortu nahi dituzte: beharrean dauden herriko familiei laguntzea eta herriko merkatari txikiei bultzada ematea.

Aurreko urteetan egin izan duten janari bilketa ordezkatuko du Eltzeitsu Solidarioak ekimenak, eta produktutan beharrean, dirutan jasoko dute herritarren ekarpena. Bildutako diruarekin elikagaien banku moduko bat osatuko dute, horrela, herritarren arteko elkartasuna eta bizikidetza indartzeko. Eltzeitsu Solidarioak ekimena asteburu honetan abiatuko dute, eta Gabonak pasatu arte iraungo du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!