Piztu dituzte Gabonetako argiak

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 17a, 19:11

Iaz baino gune gehiago argiztatu dituzte aurten, "herriaren izaerarekin lotuago dauden argi eta apaingarri berriak instalatuta". Udalak erosi ditu argi horiek, eta Jokin Eizagirre usurbildarra izan da argiztatze proposamena landu duena.

Gaur piztu dituzte Gabonetako argiak herrian, eta orain arte argiztatu izan ez dituzten guneak ere argiztatu dituzte oraingoan. Kale gehiago argiztatzeko erabakia Arkupe merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean hartu du udalak. Hala, Eusko Gudarien kalea ez ezik, Arrantzale ere apaindu dute. Horrez gain, Mutiozabal ontziolan, Kale Nagusian eta Pilliku plazaren inguruan eta Anibarko Portuan ere jarri dituzte apaingarriak. Gune horiek argiztatzeko, "herriaren izaerarekin lotuago dauden" argi eta apaingarri berriak erosi ditu udalak. Herriko zubiaren azpiko koloretako argiak, arrantzaleen baporeetakoak eta plazako kioskoan jarri dituztenak, berriz, joan den urteko berak dira.

Udalak adierazi duenez, Gabonetako argiekin iaz urratutako bideari eutsi dio aurten, "herriaren izaerarekin lotuago dauden argi eta apaingarri berriak" instalatuta. "Orioren izaeran eta ezaugarrietan oinarrituta, helburua da herria modu berezian apaintzea, erakargarria egiteko herritarrentzat eta bisitarientzat". Jokin Eizagirre usurbildarrak landu du aurten ere argi eta apaingarrien proposamena. Instalatutako argiak udalak erosi ditu, eta, ondorioz, gerora ere erabiltzeko moduan izango da, Gabonetan edo bestelako jaietan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!