Oriyoko Aske Festen balorazio "oso positiboa" egin du Etxeluze Asanbladak, ñabarduraren batekin

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 19a, 09:00

Oztopo ugariri aurre eginez, eta ez nahiko zukeen bezala, baina abenduaren 4tik 6ra Oriyoko Aske Festak ospatzea erabaki zuen Etxeluze Asanbladak. Jai egunak igarota, haietaz hausnartzeko beta hartu dute asanbladako kideek, eta balorazioa eginez, oharra plazaratu dute.              

Etxeluze Asanbladak Karkarara ere bidali du ohar hori, bere izenean argitaratzeko eskatuz. Oharrak honela dio, hitzez hitz:

"Pasa dira herriko ez-festak eta Oriyoko Aske Festak, eta balorazio bat egitera gatoz Etxeluzetik: 

Lehendabizi eskerrak eman nahi genizkieke borondatez lanean jardun diren herritar eta kanpotar denei; egoera zailtzen joan bezala lan karga asko igo zitzaigun eta denon artean emandako erantzuna ezin duinagoa izan delakoan gaude. Txalo bero bat zuei!

Ezta erraza izan, hasieratik oztopo eta traba asko gainditzen joan behar izan degu herriari  festa egitarau alternatibo bat eskaintzeko. Hasieratik gure borondatea herrian festak egitea izan da, garbi daukagu Herriko Plaza dela herriaren festa eremua, baina ezinezkoa izan da bertan festak egitea eta Etxeluze erabili behar izan degu festak aurrea eramateko. Oztopo eta traba horien gainetik, Etxeluze Asanbladak oso balorazio positiboa egiten du festa egunak aztertuta, hausnartutako neurri guztiak bete dira hasieratik, jende ugari gerturatu da, asko aurreneko aldiz, eta horrek erakusten du herrian eremu autogestionatu bat edukitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela. 

Hala ere, gertakari eta egoera deseroso kezkagarriak ere pairatu ditugu bertan borondatez lanean jardun garenok. Hasiera hasieratik esan zen gure espazioan ez zela inongo jarrera erasokorrik onartuko eta errespetua eskatu zen besteekiko eta batez ere borondatez lanen ari direnekiko, horregatik hirutik bi egunetan ixtera derrigortuta sentitu ginen jendearen jarrera oldarkor eta biolentoak ez genituelako onartuko. Hemendik salaketa esplizitu bat egin nahi dugu garbi uzteko jarrera horiek ez daukategi lekurik gure espazioetan eta jarrera hori erakusten dute pertsonarik ez dugula onartuko. Ez genuen gustoz festa bukatuarazi eta itxi, eta zentzu horretan, aurrera begira gertakari hauetatik ikasteko eta gure eraginkortasuna hobetzeko hausnartzeko borondatez gaude. 

Azkenik, aurreneko aldiz Etxeluze gaztetxiak debeku bati aurre egin behar izan dio eta hori ere ez genun aipatu eta salatu gabe utzi nahi. Etxeluze okupazio batetik datorren gune autogestionatu bat da, eta erabaki guztiak Etxeluze Asanbladan hartzen dira, eta horrez gain, antolatzen den guzti-guztiaren ardura bere gain hartzen du Asanbladak. Hitz hauen bidez adierazi nahi dugu berdin jarraituko dugula, herritik herriarentzat, horizontaltasunetik, indibiduo guztien askatasuna erdiesteko borrokan, eta ez dugula onartuko autogestio hori kolokan jarriko duen esku-hartzerik!

Gora Etxeluze gaztetxea!"

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!