Gorka Etxeberriak bigarren egin du Euskadiko Ingude-jasotze Txapelketan

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 19a, 15:38

Sei kirolarik parte hartu dute lehian, eta oso gutxigatik, bigarren lekuan gelditu da oriotarra, 18 kiloko ingudeari minutu eta erdian 86 jasoaldi emanda. Irabazleak, Iosu Marturet antsoaindarrak (Nafarroa), bi jasoaldi gehiago besterik ez dizkio eman.

Atzo goizean Euskadiko Ingude-jasotze Txapelketa jokatu zuten Urdulizko (Bizkaia) Iparralde kiroldegian, eta han izan zen Gorka Etxeberria. Lan oso ona egin zuen oriotarrak, eta txapela irabazteko puntuan izan zen, baina, azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Sei herri kirolarik parte hartu zuten lehian: Etxeberriak, Iosu Marturet antsoaindarrak (Nafarroa), Josetxo Urrutia leitzarrak (Nafarroa), Unai Goitia aulestiarrak (Bizkaia), Beñat Obieta arratzuarrak (Bizkaia) eta Pablo Alvarez bizkaitarrak. Egin beharreko lana, berriz, 18 kiloko ingudeari minutu eta erdian ahalik eta jasoaldirik gehien ematea.

88 jasoaldirekin, Marturetentzat izan zen txapela; 86 jasoaldi eginda, Etxeberria gelditu zen bigarren postuan; eta 84 jasoaldi eginda, Urrutia hirugarrenean. Goitiak 81 aldiz jaso zuen ingudea, Obietak 77 aldiz, eta Alvarezek 67 aldiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!