TAO sistemaren ordenantza berria aurkeztu die udalak herritarrei

Mireia Galarza 2021ko abe. 22a, 09:17

Udalak azaldu duenez "dinamikoa, irekia eta moldagarria" izango da TAO sistema berria. Besteak beste, udalak autoetan jartzeko ematen duen eranskailua urte osoan egongo da indarrean, eta marra urdinetako erloju-sistema tiket bidezko funtzionamenduarekin ordezkatu nahi dute.

Orioko Udalak lehengo ostegunean aurkeztu zien herritarrei TAO sistemaren ordenantza berria. Ordenantza "ulergarriagoa" izateko xedearekin egin zuten bilera irekia kultur etxean. 

Jakinarazi zutenez, ordenantza berria "dinamikoa, irekia eta moldagarria" izango da.  Hala, aldaketak egin nahi badira, ez da beharrezkoa izango ordenantza aldatzea; alkate dekretuz batzorde batean aldaketa onartzea nahikoa izango litzateke. 

Datorren astean udal batzarrera eramango dute ordenantza, onartua izan dadin.  "Aurrekoaren nahiko antzekoa" bada ere, udalak espero du moldaketak "lagungarriak" izatea herritarrentzat. 

Autoetako eranskailuak
Herrian erroldatuta dauden lagunei autoan itsasteko eranskailua ematen die udalak urtero, uda denboraldian jarrita izan dezaten. Ordenantza berriarekin, urte osoan egongo da indarrean.

Zirkulazio zerga Orion ordaintzen dutenentzat, orain arte bezala, eranskailua doakoa izango da. Horiez gain, txartel hori eskuratu ahal izango dute autoa renting bidez alokatuta dutenek, herrian erroldatuta egon eta enpresako ibilgailua erabiltzen dutenek, herrian lana egiten dutenek, herrian bigarren etxebizitza bat dutenek eta Aian erroldatuta daudenek. 

Horiek guztiek ordaindu egiten dute eranskina izateagatik, eta aurrerantzean, prezioa "zertxobait garestiagoa" izango da haientzat guztietan, urte osoan egongo delako indarrean txartela. "Eskaera bereziak" ere kontutan hartuko dituztela jakinarazi du udalak. 

Bertakoentzat erreserbatutako eremuetan ere badira berritasunak. Orain arte zeudenez gain, ordenantza berriarekin  auzo hauetan ere bertakoentzat aparkalekuak izango dira aurrerantzean:  Goiko Kalean eta Pelotari kalean, hain zuzen ere.

Udalak argitu duenez, bi auzo horietako etxebizitza eta aparkaleku kopuruak alderatuz gero "defizit handia" dago bi eremuetan, eta horregatik hartu da erabakia. 

Erloju-sistemarik ez
Egonaldi laburreko eremuetan ere izango dira zenbait aldaketa. Erloju-sistemarekin funtzionatu duten orain arte Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetako eta Ibai Ondo auzo inguruko marra urdineko aparkalekuek. Sistema hori kendu eta tiket bidezko funtzionamendua ezartzea proposatzen da ordenantza berrian. 

Horretarako, makina batzuk jarriko dituzte gune horietan, eta autoen erabiltzaile guztiek jarri beharko dituzte tiketak; udalak emandako eranskailua duten herritarrek eta gainontzeko pertsonek ere bai. 

Gehienez ordu eta erdi utzi ahalko da autoa eremu horietan (lehenengo ordu erdia dohainik, eta hurrengo ordua ordainduta), beti ere ordutegi baten barruan. "Merkatariekin hitz egin dugu, eta ondo iruditu zaie egonaldi laburreko tartea 8:00etan hasi beharrean 9:00etan hastea, merkatariek orduan irekitzen baitituzte ateak", eman dute jakitera. Gune horietako errotazioa "handiagoa" izateko helburuarekin egin dute aldaketa.

TAO urte osoan
Egonaldi luzeko eremuei dagokienez, bi eremutan zatitu dituzte. Multzo batean, Antilla hondartzaren inguru osoa, Abaromendi auzoa eta autopista azpia egongo lirateke. Bestean, Muntoko aparkalekua. 

Bi eremu horietako kudeaketa zehazteko, urtea hiru denboralditan banatu dute: udako denboraldia, behe denboraldia eta denboraldi ertaina. Udakoak (ekainaren 1etik irailaren 15era), egunero izango du TAO sistema 10:00etatik 20:00etara. 

Behe denboraldia azaroaren 2tik Aste Santu bezpera arte izango da, eta Muntoko aparkalekuan TAO sistema aplikatuko dute herriko komertzioen ordutegian,  "bertakoek aparkatzeko leku gehiago izateko" helburuarekin. 

Denboraldi ertaina Aste Santutatik maiatzaren 31ra eta irailaren 16tik azaroaren 1era luzatuko da. Denbora tarte horretan, larunbat, igande eta jaiegunetan hondartzan TAO sistema egongo da indarrean 10:00etatik 20:00etara. Munton, berriz, komertzioen ordutegian aplikatuko da TAO astelehenetik ostiralera, eta astebukaera nahiz jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 20:00etara.