HITZ TANTAK

"Tratu handia izan dugu herriko jendearekin, eta kariño handia hartu diogu elkarri"

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 24a, 09:00

11 urte eta gero, Zaharren Babeslekuko tabernaren ardura utzi egin dute Juanjo (Orio, 1973) eta Mertxe Curiel (Orio, 1977) anai-arrebek. Urriaren 31n agurtu zituzten bezeroak, malko artean. Ordutik asteak pasatu diren arren, eztarriko korapiloa askatzeke dute oraindik. Kosta egiten zaie hitz egitea.

Ohitu al zarete egunerokotasun berrira?
Mertxe Curiel: Hutsune galanta sumatzen dugu. Urte asko izan dira, bizipen asko. Burua oraindik han daukagu. Kalera irtendakoan ere, beste konturik ez: bat galdezka etortzen zaizula, hango norbaitekin topo egiten duzula...
Juanjo Curiel: Okerrena ama dabil.
M. C.: Hasieran hirurok hasi ginen, eta nahiz eta amak azken urteetan ez zuen lan egiten, etorri egiten zen. Asko lagundu digu, eta taberna uztea kolpe handia izan da harentzat.

Agurtzeko luntxa eman zenuten…
J.C.: Luntx bat emanez hasi ginen, eta modu berean bukatu nahi izan dugu.

Nolakoa izan zen agurtzeko momentua?
M. C.: Oso hunkigarria.
J. C.: Luntxak iraun zuen bitartean aguantatu genuen, baina bukatu zenean, denok lehertu ginen.
M. C.: Hasi ginen denok negarrez, eta…

Zuek eta bezeroak, denok?

J. C.: Bai, denok. M. C.: Normala ere bada, eguneroko jendearekin tratu handia izan dugu, eta kariño handia hartzen diozu jendeari.

Hori al da Zaharren Babeslekuko taberna beste edozein tabernatatik bereizten duena?
M. C.: Hori ere bai. Denetariko bezeroak izan ditugu, baina egunerokoak asko, egunero-egunero ordu asko pasatzen dutenak.
J. C.: Beste tabernetan, egoteko kontsumitu egin behar izaten da, baina Zaharren Babeslekuan, ez. Badago jendea egun guztia han pasatzen duena, etxean bakarrik egotea baino nahiago duelako.

Zergatik ez zarete aurkeztu tabernaren kudeaketa hartzeko lehiaketara?
J. C.: Guk baldintza batzuk geneuzkan, eta orain baldintzak beste batzuk dira, aldatu egin dituzte. Kontuak egin nituen, eta niri ez zaizkit ateratzen. Baldintza horietan taberna aurrera ateratzea ez zait bideragarria iruditzen. M. C.: Pena handiz, baina zenbakiek ez badute ematen, ez dute ematen.

Eta duela 11 urte, nolatan animatu zineten tabernaren ardura hartzera?
M. C.: Aukera polita ikusi genuen, eta bion artean hitz egin eta aurkeztea erabaki genuen. Esperientzia bageneukan, ni 14 urte nituenetik nabil ostalaritzan, eta anaia ere ibilitakoa da. J. C.: Orduan hemezortzi aurkeztu ginen lehiaketara, oraingoan bi bakarrik izan dira.

11 urteotan asko aldatu al da tabernako martxa?
M. C.: Erabat. Tabernak, orain, ez dauka zerikusirik guk hartu genuenekoarekin; guk altxa dugu hori.
J. C.: Aurretik zeukatenek eguerdian itxi egiten zuten eta ez zuten otordurik ematen. Guk 10:00etatik 21:00etara zabalik izan dugu beti, astean zehar eguneko menua eman izan dugu, eta asteburuetan afariak ere bai.

Zein izan da urte hauetako unerik gogorrena?
M. C.: Dudarik gabe, pandemia. J. C.: Eta aurretik, plazako obrak.

Eta momenturik onena?
M. C.: Momentu onak asko, baina ni jendearekin gelditzen naiz, egin ditugun harremanekin, haserrealdi batzuk gorabehera, ondo konpondu baikara. Orain ari gara horretaz konturatzen, urteetan eman diegun kariño guztia bueltan jasotzen ari garenean. Horixe da egoera honetatik positiboan atera dezakegun gauza bakarra.

Tabernaren arduradun berriarentzako aholkuren bat?
J. C.: Pazientzia izateko, beharko du eta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide