Xaltxerak plazan izango dira gaur arratsaldean elastikoak banatzen

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 30a, 09:26

Eskaerak egin eta oraindik jaso ez dituztenek bertan eskuratu ahal izango dituzte. Eskaerarik egin ez duenak ere aukera izango du bertan bateren bat aukeratu eta erosteko.

Azaro amaieran, kamiseta berriak egin zituzten Orioko Xaltxerek, helburu zehatz batekin: "Indarkeria matxista jasaten ari den herriko emakume bati babes ekonomikoa eman nahi diogu", azaldu zuten. Kamiseten bidez eskuratutako diruarekin, tramite judizialen gastua ordaintzen laguntzea zen asmoa.

Elastikoak eskatu zituzten herritar batzuk oraindik kamisetak jasotzeko daudenez, gaur arratsaldean jarriko dute mahaia plazan, 18:00etatik 20:00etara. Bertaratu ezin duenari eskatu diote abisatzeko, eta beste bideren bat aurkituko dutela elastikoak emateko.

Gainera, eskaerarik egin ez duenak ere aukera izango du momentuan bertan elastikoa aukeratu eta erosteko. Hiru kamiseta dira; beltza, laranja kolorekoa eta zuria.