Gabonak

Kale batzuk aldizka itxita egongo dira bihar, San Silvestre lasterketa dela eta

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 30a, 16:51

Udalak jakinarazi du tarteka etenda egongo dela ibilgailuen zirkulazioa Arrantzale, Abeslari, Baxoalde, Ixarra eta Balea kaleetan. Orioko Atletismo Taldeak antolatu ditu biharko lasterketa herrikoiak, eta oraindik badago izena emateko aukera herrikrosa.eus atarian. Bihar 10:00etan amaituko da epea.

Abenduak 31 izango ditu bihar, ostirala, eta eguerdi partean lasterketek hartuko dute Orioko herrigunea. Hala, udalak jakinarazi du tarteka etenda egongo dela ibilgailuen zirkulazioa Arrantzale, Abeslari, Baxoalde, Ixarra eta Balea kaleetan.

Aurreneko korrikaldiak 11:00etan hasiko dira. HH5 eta beherako haurrek 150 metroko proba hasiko dute ordu horretan. LH1 eta LH2ko umeena 11:10ean izango da, eta 300 metro egin beharko dute laster. 11:20an, berriz, LH3 eta LH4ko haurren txanda izango da, eta 600 metroko proba izango dute.

11:30ean, amaitzeko, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 mailakoek egingo dute korrika, 1.700 metro osatu arte.

Gaztetxoek ez dute aurrez izenik eman behar, eta lasterketa doakoa izango da haientzat. Helduei dagokienez, oraindik izena eman ez duenak, horretarako aukera du herrikrosa.eus atarian, 8 euroren truke. 

5 kilometroko ibilbidea helduentzat

Helduen proba, berriz, 12:00etan abiatuko da, eta 5.000 metro inguruko ibilbidea egingo dute guztira: 1.700 metroko buelta txikia eta 3.300 metroko buelta handia. Azken urteetakoarekin alderatuta, hondartzako zatia laburragoa izango da aurten.

Sariei dagokienez, lehen hiru emakumeentzako eta gizonentzako garaikurrak izango dira, eta parte hartzaileen artean sariak zozkatuko dituzte. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!