elkarrizketa

"Lehengotarrak gara gu, lanari emanda gustura bizi izan gara"

IƱigo Gaiton 2022ko urt. 3a, 10:58

Bizimodua dendako martxaren bueltan egin ondoren, erretiroa hartzeko ordua hurreratzen ari zaie esparreneko hiru anai-arrebei. Berrogeita hemezortzi urte pasatu dira dendako ateak ireki zituztenetik, eta Maria Angeles eta Lourdes Dorronsorok hizketa biziarekin ekarri dute gogora han bizitako guztia. 

Nola deitu behar diogu dendari, Dorronsoro edo Spar?

Lourdes Dorronsoro: Gu esparrenekoak izan gara denda ireki genuenetik. Noiz ireki zenuten negozioa?
Maria Angeles Dorronsoro: 1963ko urriaren 18an. Aita arrantzalea zen, Zeruko Ama baporeko bazkidea. Gu lau anai-arreba gara, bi mutil eta bi neska. Aitak esaten zuenez, nahi izanez gero behintzat, mutilek bazuten lana baporean, eta bi alaboi ere lagundu egin nahi zigun, ofizioren bat izan genezan. Hala, eraikin hau egin zutenean, lokala erosi zuen, denda jartzeko ideiarekin. Nik 18 urte nituen orduan. Ama eta biok hasi ginen dendan lanean, eta geroago, aitaren laguntza ere izaten genuen, erretiratu eta itsasoa laga zuenean.

Beste ofiziorik izan al zenuen aurretik?

M.A.D.: Baporeko sarea josten ibili nintzen 14 urte nituenetik 18ra bitartean.

Aldaketa ona izan al zen zuretzat?

M.A.D.: Bai, bai, dendako martxa hasieratik nahia- go izan nuen.

Eta zu, Lourdes, noiz hasi zinen dendan lanean?

L.D.: Neska txikia nintzen negozioa ireki zutenean, 7 urte nituen. Umetatik ibiltzen nintzen hemen, atzera eta aurrera, eta koskortutakoan, uda ga- raian-eta laguntzen hasi nintzen, eskolan oporrak hartutakoan. Hau izan da nire ofizio bakarra.

Hasierako garai haietan, erraza izan al zen bezeroak erakartzea? Zer harrera izan zuen denda berriak?

M.A.D.: Oso ona, jendea lehen egunetik etorri zen. Zabaldu genuenean, mota honetako denda handiena izango zen herrian. Produktu aukera zabala eskaintzen saiatu ginen hasieratik, etxe bateko eguneroko martxan beharrezkoa den guztia bezeroen esku jartzen. Beti lan egin dugu autozerbitzu modura. 1963tik 2021era urte asko joan dira.

Orio asko aldatu da urte hauetan guztietan, eta horren testigu zuzenak izan zarete.

M.A.D.: Jesus, herria ikaragarri aldatu da, bai. Lehen denok ezagutzen genuen elkar, den-denok. Orain, gazte jende asko etorri da bizitzera, eta kanpotarrak ere bai. Normala da aldatzen joatea, eboluzio naturala da.

Orain jende gehiago bizi da herrian, baina dendak ere lehen baino dezente gehiago daude. Zuen negozioarentzat, lehengo garaiak hobeak izan al ziren?

L.D.: Bai. Horrez gain, herrian diru gehiago mugitzen zen. Ez zen oraingo krisi konturik. Arrantzaleekin, adibidez, lan asko egiten genuen guk. Pentsa zenbat bapore zegoen lehen Orion. Itsasora atera aurretik, behar zituzten produktu eta janari asko hemendik erosten zituzten. Hala ere, ez dakit diruaren gauza edo ohitura kontua den, baina iruditzen zait lehen janariari garrantzia handiagoa ematen zitzaiola etxeetan.
M.A.D.: Dudarik gabe.
L.D.: Hemen argi ikusten zen hori, batez ere amonek eta etxeko andreek egiten zituzten erosketetan. Haientzat janaria beste konturik ez zen izaten: erosketa egin, sukaldean denbora pasatu, familiarentat bizi... Orokorrean, sukaldean denbora gehiago egiten zen. Aisialdia indarra hartzen joan zen geroago, denbora librerako eskaintza zabaldu egin zen, eta gaur egun, nahiago dugu beste gauza batzuetan jardun, sukaldean denbora pasatu baino. Ez dago gaizki hori, aldatu egin dira garaiak.

Garaiekin batera, denda ere joan al da egokitzen?

L.D.: Saiatu gara horretan. Lehen txikiagoa zen, handitu egin genuen ondoko lokala hartuta. Produktuen eskaintzari dagokionez, saiatu izan gara beti onena eskaintzen eta produktu berriak sartzen, baina lehengo gauza batzuk mantendu ditugu, eta jendeak eskertu izan digu. Kandelak erostera, adibidez, etorri izan da jendea hona espresuki, beste inon horrelakoak ez daudela esanez. Bitxia da.

Zertan asmatu duzue urte hauetan guztietan? Zertan ibili zarete fin?

M.A.D.: Jendearen ondoan egoteko ahalegina egin dugu. Konfiantzarekin eta gertutasunarekin tratatu ditugu bezeroak beti.
L.D.: Bestalde, orain denda askotan aurki daiteke produktu eskaintza zabala, baina lehen ez. Hasieratik saiatu ginen dendan ahalik eta produktu desberdin gehien izaten. Spar frankiziaren barruan urte asko egin dituzue.
M.A.D.: Hasieratik egon ginen frankiziaren barruan, lehen urteetatik.
L.D.: Gero, arazo batzuen ondorioz, itxi egin zuten hemengo distribuzioa.

Zer du ona frankizia baten barruan egoteak?

L.D.: Babesa ematen du, eta produktuak prezio hobean erosten dituzu. Aldi berean, mugatzen zaitu produktuak bere katalogotik erostera. Azken urteetan libre ibili gara, eta horrek ere baditu bere abantailak, aukera handiagoa duzulako nahi duzuna egiteko.

Lehen aipatu duzuen modura, gizartearen kontsumo ohiturak asko aldatu dira. Multinazionalek irekitzen dituzten saltoki gune eta denda handietara gehiago jotzen dugu gaur egun. Nola egin diozue aurre horri?

L.D.: Eguneroko bizitzak hartu duen abiadura eta martxa kontuan izanik, ulertzen dut erosotasunagatik (ordutegia, aparkalekua...) jendea saltoki handietara joatea. Dena den, eskertuko nuke erakunde publikoek komertzio mota desberdinen artean oreka eta harmonia mantentzearen alde lan gehiago egingo balute. Izan ere, pandemiak, beste gauza askoren artean, bertako produktuak eta zerbitzuak gehiago baloratzen erakutsi digu. Lehen aipatutako joeraren aurrean, gure bideari eusten saiatu gara, eta lortu dugu. Lokala gurea izanik, ordaindu beharreko gastu gutxi izan ditugu hilero, eta horrek negozioak errentagarri izaten jarrai dezan lagundu du. Lanak ere bai, noski: negozio batean sar daitezkeen ordu guztiak sartu ditugu, beti etxeko indarrarekin, beste langilerik gabe, hurbiltasuna, konfiantza eta abar eskainiz.

Denda nahi baino lehenago itxi beharraren arriskua sentitua al duzue inoiz?

L.D.: Bai. Eroski handia egin zutenean, Mendibeltz futbol zelaiaren ondoan dagoena, oso gaizki pasatu nuen. Nire lanpostua arriskuan zegoela sentitu nuen, baina, zorionez, atera gara aurrera. Eta hori, hein handi batean, gure bezeroen fideltasunari esker ere izan da. Urte hauetan guztietan dendara etortzen jarraitu duten bezeroei eskerrak emateko aprobetxatu nahi nuke elkarrizketa. Dendak 58 urte egin ditu irekita, eta badira egunero-egunero hemendik pasatu diren herritarrak. Erraz esaten da. Itxitakoan pena hartuko dutela esaten digu adineko zenbait lagunek. Hartu-eman handia izan dugu herriko jendearekin, eta hori ederra da.

Lokalean gordeta dituzuen argazki zaharrei erreparatuz gero, urteen joanarekin zuen edadeko bezeroak hiltzen joan direla ikus daiteke.

M.A.D.: Bai, eta pena ikaragarria sentitzen duzu halakoetan, harreman estua izan dugulako haietako askorekin. Egunero-egunero hemen eta, hara, halako batean, falta.
L.D.: Ordua ailegatu, denoi bezala.

Egunero-egunero herriko jendearekin lan asko egin duzue. Ez al da nekagarria egiten beti aurpegi berak ikustea?

L.D.: Ez, beti sortzen dira konbertsazio berriak. Denda txikiak hori du ona, hizketarako gairik ez dela falta izaten; eguneroko bizitzako kontuak eta, ez da aspertzeko denborarik izaten, ez. Umetatik ibili naiz hemen atzera eta aurrea, beti jendearen artean, eta askotan esaten dut, ikasketarik ez, baina psikologian masterra egindakoa naizela! kar-kar-kar. Hala ere, puntu batean, jendaurrean lan egitea nekagarria ere bada epe luzera. Egun petrala eduki arren, umore oneko agertzen saiatu behar duzu beti, atsegina izaten, eta hori kosta egiten da batzuetan. Horregatik, jai egunetan-eta, aparte samar ibiltzea gustatu izan zaigu, deskantsu pixka bat hartzeko. Negozio batean sar daitezkeen ordu guztiak egin dituzue dendan, lehen aipatu duzuenez.

Beti etxekoak aritu zarete lanean, beste inor kontratatu gabe.

L.D.: Eskola zaharrekoak izan gara horretan. Denda irekitakoan, etxebizitza txiki bat ere jarri zuten lokalaren atzealdean gurasoek. Hantxe egoten ginen. Hala, larunbat arratsaldeetan-eta, bezeroek tinbrea jo eta atea irekitzen genien. Hura gehiegi zen, lotura ikaragarria. Gerora, ez dugu jakin izan langileren bat hartu eta lasaiago ibiltzen. Egia esan, gure buruaren nahikoa esklabo izan gara, oso lehengotarrak. Nik tarteka hartu izan ditut opor txikiak, baina Maria Angelesek ez, 58 urtean ez du oporrik izan. Oso aszeta da ahizpa, izaera indartsua du, eta ez du opor faltagatik sufritu.

Benetan?

M.A.D.: Inportik ere ez, egia esan. Ez dugu besterik ezagutu, lana eta lana, eta orduan ez duzu sufritzen. Igandeetan kanpoan bazkariren bat egitea, horixe izan da nire kapritxoa.
L.D.: Maria Angelesentzat denda izan da bere bizitza. Berak bizi izan du denda gehien, dudarik gabe.
M.A.D.: Duela urte batzuk gaixoaldi luzea izan nuen, eta orduan egon nintzen dendara etorri gabe hilabete luzez. Pixkanaka, hobera eginez, bizitzeko ilusioa berreskuratu nuen.

Zuen hitzak entzunda, ikaragarri eman dizue dendak.

L.D.: Bizimodua ateratzeko modu bat izan da, ofizioa, baina hori baino gehiago ere bai: bizitzeko bide bat, gure eguneroko bizitza.

Oporrik ia bat ere ez, egun osoa lanean eta, hala ere, kontentu. Konformatzen errazak dirudizue.

L.D.: Datorrena halaxe hartzen ikasten duzu urteekin, daukazunarekin bizitzen. Bizitza bera arduratzen da makilkadak emateaz, eta horren aurrean, saiatzen zara gauza txikiekin bizitzen eta gozatzen. Ez dago besterik.

Berriz bizitzeko aukera izanez gero, indar berarekin helduko al zeniokete lanari?

M.A.D.: Oraingo ikuspegiak ematen duen talaiatik atzera begira jarrita, lasaixeago hartuko nuke lana. Baina hori orain ikusten duzu, egindako ibilbideari distantzia pixka batekin erreparatutakoan. Dena den, gustura bizi izan gara lanari emanda, ez dugu kexarik.

Bolada txar edo zailak ere pasatuko zenituzten hemen. Bateren bat ba al duzue bereziki gogoan?

L.D.: Pandemia, dudarik gabe. Niretzat, dendan bizitako egoerarik zailena pandemiak sortutakoa izan da. Jendea ero modura hasi zen janaria, komu- neko papera... erosten. Zer izan zen hura! Zenbait produktu bukatu egin ziren, eta bezeroek gehiago erosi nahi... Ni argaldu eta guzti egin nintzen. Gainera, dendako kontuekin nahikoa estuasun ez, eta Maria Angeles kutsatu egin zen.
M.A.D.: Izurritea hasi eta aste gutxira eman nuen positibo, osasun krisiaren hasiera aldera.
L.D.: Ni goizaldera esnatu egiten nintzen ohean, oso kezkatuta. Aste haietan, jende asko hiltzen zen koronabirusak jota. Ahizpak ospitaletik telefonoz esaten zidan ondo zegoela, baina... Oso gogorra izan zen.
M.A.D.: Ospitalean egon arren, nahikoa modu arinean pasatu nuen gaixotasuna, aparteko arazorik gabe.
L.D.: Denbora asko egin zuen bakartuta; hasieran etxean, gero erietxean, eta berriro etxean gero.

Aurrera begira jarrita, beldurrik ba al diozue denbora libre gehiegi izateari?

M.A.D.: Moldatuko gara. Deskantsatu, telebista ikusi, irakurri... Topatuko dugu zer egina.
L.D.: Irteeraren bat ere egin beharko dugu, Maria Angeles! Urrutira ez, baina bidaia motzak gustura egingo ditugu elkarrekin. Ilusioa egiten dit berarekin batera toki berriak ezagutzeak. Madrilen-eta izandakoak gara, baina horixe, egun batean joan eta hurrengoan etorri. Orain, denbora gehiago izango dugu.

Erretiroa hartzeko garaia hurreratzen ari zaizue. Kostata iritsi al da?

L.D.: Lanean gehiago nekatzen garela antzeman dugu azken urteotan, baina keba, ohartzerako pasatu dira urteak. Ni 65 urterekin erretiratuko naiz. Hiru anai-arrebok lasai erretiratzeko beste eman digu negozioak, eta kontentu gaude horrekin.

Bukatzeko, kontatu gogoan duzuen pasadizo xelebreren bat.

L.D.: Maria Angelesek askotan kontatzen du denda ireki zuten egunekoa.
M.A.D.: Aurreneko bezeroari opariren bat egiteko ilusioa zuen aitak. Dendara sartu eta eskuetan hartzen zuen lehen produktua erregalatzeko ideia izan zuen. Atea zabaldu eta emakume bat sartu zen aurrena, gogoan dut. Hari begira-begira egon ginen. Sardin zaharren atabala ikusi zuenean, hara jo zuen zuzenean, eta etxera eramateko moduan jartzeko eskatu zigun. Debalde eraman zuen sardin mordoska, kar-kar-kar.
L.D.: Sardina asko saltzen zen lehen, ikaragarri piloa. Orain, berriz, oso gutxi; ia bat ere ez.
M.A.D.: Hil kanpaiena ere nahikoa bitxia da. Agonia-kanpaiak entzuten direnean, jendeak dendara deitzeko ohitura izan du, nor hil den jakiteko. Herri txikietako kontuak.

Ez dugu aipatu, erretiroa hartutakoan, dendaren erreleboa besteren batek hartuko duen, edo ateak betirako itxiko dituzuen.

L.D.: Ba, hortxe gabiltza, batekin eta bestearekin gauzak lotu nahian. Hasiera batean, ez dugu lokala saltzeko asmorik. Errentan jarri eta irekita jarraitzea gustatuko litzaiguke guri, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Ez dugu ezer erabaki oraindik.
M.A.D.: Agurtu aurretik, berriro, urte hauetan guztietan gurekin izan diren bezeroei eta oriotar guztiei esker ona adieraztea gustatuko litzaiguke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!