Aparkalekuen udal ordenantza aho batez onartu du Udalbatzak

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 4a, 09:00

Hilabeteko epean helegiterik ez bada behin betiko onartuta geldituko da, eta handik hamabost egunera sartuko da indarrean. Ainara Munduate EH Bilduko zinegotziak azaldu du etxez etxe banatuko dutela sistema berriari buruzko informazio zehatza.

Joan den asteko ostegunean egin zen 2021eko azken udalbatzarra, eta bertan aho batez onartu zuten hamahiru zinegotziek Orioko aparkalekuak erregulako udal ordenantza. GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 lagunez jendaurrean egongo da ikusgai espedientea, eta helegiterik ez bada, automatikoki behin betiko onartuta geldituko da. Behin betiko onarpena berriz argitaratuko da GAOn, eta hamabost egunen buruan, indarrean sartuko da.

Aldaketa nagusia zera da: TAO sistema urte osora zabalduko dela Muntoko aparkalekuan, eta erloju sistema duten kaleetan TAO sistema jarriko dela. Gainera, enpresa batek kudeatuko du aparkaleku sistema, ez udaltzainek.

Ainara Munduate EH Bilduko zinegotziak hainbat azalpen eman zuen udalbatzarrean. "Orain bi urte inguru, merkatariak kexatu zitzaizkigun,  erlojupeko errotazioko gunearen sistema ez delako ulertzeko erraza, batez ere kanpotik datozenentzat, eta baita erlojuak falta zirelako ere. Hortik abiatuta, TAO makinak jartzeko aukera aztertzen hasi ginen, eta hainbat bilera ireki ere egin ditugu herritarrekin, ostalariekin eta merkatariekin. Jarrera aktibo eta emankorra izan dute, eta eskertzekoa da hori. Saiatu gara jasotako proposamenak txertatzen ordenantzan, eta aurreneko urtea probakoa izango da, eta jarraipen bilerak egingo ditugu, baita balorazioa ere, ikusteko zerbait aldatu behar den ala ez".

Munduatek esan zuen hiru helburu dituela TAO sistemak: diru sarrera izatea udalarentzat, errentagarria izatea, eta herriko mugikortasunean eragitea. Kanpoko enpresa bat kontratatuko du udalak hori guztia kontrolatzeko. "Herriaren onerako izango dela uste dugu, udaltzainei lan hori kenduko zaielako".

Herritarrei lasai egoteko ere esan zien, etxez etxe buzoietara banatuko dutelako informazio zehatza, eremu bakoitzeko ordutegi guztien berri emanez.

Bozketaren aurretik, udal idazkariak irakurri zituen ordenantzaren puntu nagusiak. "Aparkalekuekin eta horrekin zerikusia duten alderdi batzuk arautzea du helburu ordenantzak, erabiltzaileen segurtasuna areagotzeko, ibilgailuen trafikoaren beharrezko arintasuna hobetzeko eta aparkalekuen errotazio eta erabilera ona bermatzeko".

Ordenantza berriak izango dituen eremuak eta horien ezaugarriak zehaztu zituen ondoren.

Bertakoentzako eremuak

Udalerrian bertakoentzat gordetako guneak indarrean egongo dira egunean 24 orduz eta asteko zazpi egunetan. Bertakoen eremuetan aparkatu ahal izateko indarrean dagoen aparkatzeko udal txartela eskuratu beharko da, eta txartel hori bistan izan beharko dute ibilgailuek.

Bertakoen eremuak hauek dira: Anibarko Portua, Estropalari-Bikamiyota, Pilotari, autobide azpiko ibilgailu luzeen aparkalekua eta Alde Zaharra.

Errotazio handiko eremuak

Gehienez hamabost minutuz aparkatu ahal izango da eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan. Helburua da aparkalekuak bermatzea herrigunera gestio azkarrak egitera doazenentzat. Toki horiek ordainpekoak izan daitezke, edo ez.

Errotazio altuko eremu berriak ezarri ahalko dira alkate dekretu bidez, aldez aurretik dagokion batzorde informatzailean hala diktaminatuta eta behar bezala justifikatuta.

Egonaldi laburreko eremuak

Eremu horien helburua da izaera komertziala duten guneetan aparkalekuen errotazioa sustatzea. Aparkatzen duten ibilgailu guztiek atera beharko dute tiketa, eta urte osoan egongo da indarrean ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 08:00etatik 13:00etara.

Hauek dira eremu horiek: Eusko Gudarien kalea, Arrantzale kalea, Abeslari kalea eta Ibai ondo pasealekua. Eremu horiek erabat edo partzialki izango dira eremu urdinak, eta partzialki diren kasuetan alkate dekretu bidez erabakiko da eremu zuriko aparkalekuak libreak izango diren, ala bertakoentzat soilik. Eremu berriak ere ezarri ahal izango dira.

Egonaldi luzeko eremuak

Hondartza aldea, Abaromendi, autobide azpia eta Munto izango dira egonaldi luzeko eremuak, eta horietan urteko hiru sasoi bereiztuko dituzte: batetik, udaldia (ekainaren 1etik irailaren 15era, biak barne). Tarte horretan TAO sistema egunero egongo da martxan, 10:00etatik 20:00etara.

Denboraldi ertainaren barruan (Aste Santutik maiatzaren 31ra eta irailaren 14tik azaroaren 1era, biak barne) Munto aparkalekuan TAO egongo da astegunetan, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00 artean eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 10:00-20:00 artean. Bestetik, beste hiru eremuetan, larunbat, igande eta jaiegunetan, 10:00-20:00 artean egongo da TAO sistema. Astegunetan, berriz, doan izango da aparkatzea.

Azkenik, behe denboraldia azaroaren 2tik Aste Santuak arte izango da, eta epe horretan libre izango da aparkatzea Abaromendin, autobide azpian eta hondartza aldean. Muntoko aparkalekuan, berriz, astegunetan 09:00-13:00 eta 16:00-20:00 eta larunbatetan 09:00-13:00 artean egongo da TAO sistema.

Egonaldi luzeko eremuetan ezarri ahal izango dira, alkate dekretu bidez, egonaldi laburreko edo bertakoentzako zenbait eremu.

Aparkatzeko udal txartela nork eskuratu ahalko du?

Autoa herrian erroldatuta dutenez gain, udal txartela eskatu ahalko dute autoa alokairuan duten  bertako bizilagunek, enpresako ibilgailua erabiltzen duten bertako bizilagunek, herritik kanpo erroldatuta dauden baina bertan lan egiten duten langileek, herrian bigarren etxebizitza dutenek, eta Aian erroldatutakoek.

Egoera horietakoetatik aparte egonda udal txartela eskuratu nahi duten herritarrek, berariaz eskatu beharko dute, eta alkate dekretuz erabakiko da onartu ala ez.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!