Arantzazuko Andra Mari auzoan ur asko pilatu da

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 4a, 19:40

Askotan gertatzen den modura, Balearen kaleko estolda batek gainezka egin du, eta ura hasi da ateratzen, ohi baino dezente gehiago. Agidanez, pilatu den ura erriokoa da, eta ez du euria egin izanarekin loturarik.

Gaur arratsaldean, urez bete da Arantzazuko Andra Mari auzoa. Etxebizitzen barnealdeko arkupe eta aparkalekuetaraino iritsi da ura gaur, aspaldian ez bezala. Duela zenbait urte ere bete zen urez toki bera, baina aspaldian ez zen halakorik ikusi.

Balearen kaleko estolda batek gainezka egin izanaren ondorioz hasi da auzora ura sartzen. Estolda horrek sarritan egiten du gainezka, baina, normalean, ura han bertan pilatzen da, eta ez da aparteko arazorik izaten. Gaur, ordea, ur kantitate handia atera da, eta kiroldegi aldean dauden sotoen kaletik barrena, Arantzazuko Andra Mari auzoaren barnealderaino ailegatu da.

Toki batzuetan, urak ia 10 zentimetroko altuera ere izan du, eta zenbait bizilagunek katiuskak jantzita egin dituzte sartu-irtenak. Horietako batek KARKARAri haserre adierazi dionez, errioko ura da auzoan sartu dena, lurpeko hodietan izandako arazo baten ondorioz.

Udaltzainak eta ur kontsortziokoak ere hurreratu dira ingurura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!