Korrikalariek "emaitza onak" lortu dituzte Elgoibarko nazioarteko krossean

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 11a, 10:41
Iñigo Exposito ezkerraldean, igandeko lasterketan.

Martin Iriondok lortu zuen emaitza onena, 18 urtez azpikoen lasterketan bigarren egin eta gero. Nazioarteko korrikalariak bildu zituen 78. Nazioarteko Juan Mugerza Krossak.

Elgoibarko Mintxeta kirol instalakuntzetan izan ziren asteburuan Atletismo Taldeko zenbait korrikalari. Juan Mugerza Krossaren 78. edizioa jokatu zen igandean, eta kirol probak nazioarteko puntua-puntako kirolariak bildu zituen, Europako eta Afrikako herrialde desberdinetakoak.

Lasterketan baldintza gogorrak izan zituzten parte hartzaileek, botatako euri piloaren ondorioz lokatzetan egin behar izan baitzuten korrika.

Etxeko korrikalarien emaitzei dagokionez, Martin Iriondok lortu zuen onena. 18 urtez azpikoen mailan bigarren egin zuen, ibilbideko 5.535 metroak 18:41 denboran egin eta gero. Lasterketak aurrera egin ahala, atzetik goiko postuetarako bidea egin zuen Iriondok, beste korrikalariei aurrea hartuz. Hala, helmugan bigarren sailkatu zen, taldeko podium bakarra lortuz. Lasterketa berean izan zen Xabat Elortza ere, eta tartean eroriko bat ere izan arren, helmugan 19:40 denbora egin zuen, sailkapeneko 13. postuan kokatuz. Guztira 63 korrikalarik parte hartu zuten gazteen krossean, eta Euskal Selekzioaren elastikoarekin egin zuten korrika Iriondok eta Elortzak.

Seniorretan, berriz, herriko hiru partaide izan ziren: Ibai Makazaga, Iñigo Exposito eta Imanol Bellido. 10.796 metroko lasterketa egin zuten, eta emaitza onena Makazagarentzat izan zen, 38:54 denborarekin 29. sailkatu ondoren. Exposito, aldiz, 41:20 denborarekin 50. sailkatu zen. Bellido 70. postuan helmugaratu zen, 92 parte hartzaileren artean. Lasterketan izandako "maila ikaragarria" kontuan izanik, korrikalariek "gustura" bukatu zuten igandeko jardunaldia.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!