Programazio berria aletu du Ahalduntze Eskolak

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 13a, 17:30
Macarena Mujikak eta Garazi Pagolak eskainiko dute aholkularitza juridikoa.

Urtarriletik martxora bitartean egingo dituzten ekintzen berri eman dute. Tartean, Orioko historia kontatu nahi dute emakumeen ikuspegitik. 

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak aste honetan plazaratu du datozen hiru hilabeteetarako antolatu duten programa. Azken urteetako ildoari jarraiko, hitzaldiak, ikastaroak eta emakumeei zuzendutako hainbat zerbitzu eskainiko dituzte oraingoan ere.

Nagusiki, bi ataletan banatu daitezke programatu dituzten ekimenak. Batetik, ikastaro eta hizaldi formatuan egingo dituzte bi jarduera: Orioko historia emakumeen ikuspuntutik kontatuko dute ikastaro batean, eta bestean, nokaren erabileran sakondu eta hausnartuko dute, hitzaldi baten bidez­.

Bestetik, jarduera horiez gain, aholkularitza zerbitzuak ere antolatu dituzte: horietako bat esparru juridikoaren alorrari buruzkoa da, eta bestea, indarkeria matxista pairatzen dutenei laguntza ematekoa.

Dagoeneko zabaldu dute ekimen guztietarako izen ematea, eta bi modutara egin daiteke hori: aurrez aurre, Ahalduntze Eskolak kultur etxean duen bulegora joanda; era telematikoan, 623178553 telefonora deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera idatzita.

Hitzaldia, noka ardatz
Ahalduntze Eskolak adierazi duenez, "noka ikasi, ikusarazi eta bultzatzeko" gero eta ekimen gehiago daude. Fenomeno horrek, ordea, galdera batzuk sortu dizkie: "Nortzuk ari gaitun noka? Zerk bultzatuta? Non, zertan eta nola jarduten dinagu?".

Galdera horiei erantzuten saiatuko dira antolatu duten hitzaldian. "Hizkuntzari eta, bereziki, nokari buruzko hausnarketa egiten saiatuko gara ikuspegi feminista eta kokatu batetik". Garazi Eizagirrek emango du hitzaldia, eta urtarrilaren 19an izango da, kultur etxeko areto nagusian, 18:30ean hasita.

Orioko historia
Orioko historia izango du ardatz antolatu duten ikastaroak. Zehazki, herriaren historiaren errelatoa osatzen saiatuko dira, emakumeek kontatuta. "Gizonek kontatu eta protagonizatu dute jaso dugun historia eta kultura. Gure herriaren historian jarri nahi dugu arreta, baina oraingoan, protagonistak emakumeak izango dira, eta kontaketa egingo dutenak ere bai", jakinarazi dute.  

Ikastaroarekin, "Orioko historia emakumeen hitzekin eta argazkiekin azaltzeko espazioa" eskaini nahi du Ahalduntze Eskolak. Jasotako irudi zaharrak "ondare" bihurtu nahi dituzte.

Urtarrilaren 25etik otsailaren 22ra egingo dute ikastaroa, asteartero, 17:30ean hasi eta 19:30 bitartean, Salatxo aretoan. Idoia Telleriak gidatuko ditu saioak, eta izen emateak 20 euroko prezioa izango du.

Aholkularitza juridikoa
Dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak... Askotariko gaiei buruz sor daitezkeen zalantzei erantzuna emateko helburuarekin, aholkularitza juridiko zerbitzua abiatu zuen Ahalduntze Eskolak iazko urtearen hasieran. Ordutik, banakako saioak eskaintzen dituzte Garazi Pagola eta Macarena Mujika aholkulariek, eta hitzordu guztiak bete ziren iaz.

Zerbitzuaren premia dagoela ikusita, aurten ere martxan egongo dela jakinarazi dute. Urtarrilaren 31n, otsailaren 28an eta martxoaren 28an izango dira aholkulariak Ahalduntze Eskolaren bulegoan, 16:00etatik 19:00etara. Gogorarazi dutenez, nahitaezkoa da aurretik izena ematea.

Indarkeria matxista
Indarkeria matxista (LGTBIQ+ fobia, indarkeria sexista eta genero indarkeria) jasaten dutenen eta ingurukoen "bidelagun" izan nahi du Ahalduntze Eskolak. Helburu horrekin, aholkularitza saioak eskaintzen dituzte astero-astero: astelehenetan 16:00etatik 19:00etara, asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara eta ostiraletan 16:00etatik 19:00etara.

Ahalduntze Eskolako arduradunek gidatzen dituzte saio horiek, eta aholkularitza juridikoan bezalaxe, derrigorrezkoa da aurretik zita hartzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!