Dorronsoro janari dendaren azken eguna

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 15a, 16:46

Ia sei hamarkadaren ondoren, gaur itxi ditu ateak betirako Dorronsoro anai-arreben dendak. Lourdes pozik, eta Maria Angeles penatuta zeuden gauzak jasotzeko ordua iritsi denean. "Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, urte hauek guztiengatik, azken asteetan izan duten jarreragatik eta gaur bertan jaso ditugun agur guztiengatik", esan du Lourdesek. Gainera, laster janari denda berri batek zabalduko ditu ateak beren lokalean.

Gaur, 2022ko urtarrilaren 15a, ez da edozein egun dorronsorotarrentzat. Izan ere, 58 urte eta gero, janari denda itxi du familiak. Erabakia lehendik hartua zuten, eta abenduan luze eta zabal aritu ziren Maria Angeles eta Lourdes ahizpak erabakiaz eta, batez ere, beren bizitzetan dendak izan duen garrantziaz solasean.

Gaur, 14:00ak aldera, irrifarrea zen nagusi Lourdesen ezpainetan, eta emozioa, berriz, Maria Angelesen begiradan. Biek sentipen berak dituzte, ordea, herritarrei dagokienez. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, urte hauek guztiengatik, azken asteetan izan duten jarreragatik eta gaur bertan jaso ditugun agur guztiengatik", esan du Lourdesek, eta ahizpak ere baietz, hori hala dela eta argi esan nahi dutela.

Ateak itxi arren, barrenean lan dezente dute oraindik. Batetik, soberan gelditu diren produktuak erretiratu behar dituztelako –uste baino askoz gutxiago, Lourdesek gustura azaldu duenez–, eta bestetik, makinak eta kendu behar dituztelako. Izan ere, laster beste janari denda bat irekiko dute anai-arreben lokalean. "Guk ez dugu jarraituko, baina bezeroei esan diegu toki honetan janari denda berria egongo dela martxan aurki. Irekiko duenak obra batzuk egin nahi ditu, dendaren ondoko gure beste lokala ere erabilita", azaldu dute.

Poza ematen die horrek, lokala errentan jarrita, herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraituko dutelako, beraiek merezitako deskantsua hartzen duten bitartean.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!