Hitz tantak

Xabier Aranburu: "Lehen sorospenen inguruko ezagutza jendartean zabaltzea da gure xede nagusia"

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 26a, 15:20

Itsasoa eta sorospena. Bi mundu horien bueltan ibili da Xabier Aranburu (Donostia, 1978) azken hogeita bost urteetan. Donostiako moilan bizi izan zen umetan eta gaztetan, Gurutze Gorriaren zentralaren parean, eta han inguruan egindako ehunka orduetan piztu zitzaion bokazioa. Pelotari kalean duen lokalean jarri du hitzordua. 

Uretako motoak, sorospenerako ohol luzeak, neoprenoak... Itsasora ateratzeko gogoa ematen du lokalera sartu eta materiala ikusteak. Zer ofiziotan aritzen zara?

Gurutze Gorrian urte luzez aritu nintzen lanean, eta gero, Mediterraneo itsasora ere egin nituen espedizio batzuk, Lesbosera (Grezia). Erreskatatzaile eta itsasontzien patroi lanetan jardun nuen, migranteei laguntzen. Aurrerago, nire kabuz lanean hasteko asmoarekin abiatu nuen Urgatz proiektua. Oinarrian, lehen sorospenez eta itsas salbamenduaz formazioak ematen ditugu, interesa duen ororentzat: hondartzetako eta igerilekuetako sorosleentzat, guraso taldeentzat, enpresetako langileentzat, suhiltzaileentzat, auzoetako elkarteentzat...

Zer da, zehazki, erakusten duzuena?

Erreanimazio bat nola egiten den, desfibriladoreak nola erabili, eta beste mila gauza. Funtsean, itsasoan edo lehorrean, ondoan gerta dakiguken ezbehar batean aurrean nola jokatu erakusten dugu.

Halako gauzak sorosle edo osasun arloko profesionalen gain uzten ditugu. Gizarteak lehen sorospenen inguruko kontzientzia eta ezagutza gehiago izan beharko luke?

Bai, zalantzarik gabe. Zerbait gertatuz gero, anbulantzia bat beti iritsiko da, baina ailegatu artean gertatzen denak, hil ala biziko garrantzia izaten du kasu batzuetan. Denbora tarte horretan nola jokatu behar den erakustea da gure helburua; lehen sorospen horien inguruko ezagutza jendartean zabaltzea da gure xede nagusia.

Aurrerago, Basque Water Safety sortu zenuen. Zer helbururekin?

Itsas salbamenduari modu espezifikoagoan lotutako proiektua da. Estropadetan, igeriketa zeharkaldietan eta halako jardueretan segurtasuna bermatzen dugu: protokoloak, anbulantzien koordinazioa, ezbeharren bat gertatuz gero nola jokatu...

Surf munduan ere dezente ibiltzen zarete. Hawaiin, adibidez, badira olatu erraldoietako saioetan segurtasuna bermatzen duten enpresak, baina hemen nahikoa berria da zuek egiten duzuena.

Euskal Herrian, DYA, Gurutze Gorria eta halako erakundeak ibili dira sorospen lanetan batez ere, baina Mediterraneo aldean, adibidez, ohikoagoa da enpresa pribatuek ere horretan jardutea. Surfari dagokionez, bi lan esparru ditugu: batetik, uretako motoak segurtasunerako gailuekin prestatzen ditugu: esaterako, ur motorra olatu artean irauliz gero, aulkia airean ez ateratzeko zintak, ez irristatzeko gomazko euskarriak, finkagailuak... Bestetik, olatu handietako saioetan segurtasun eta sorospen zerbitzua eskaintzen dugu. Protokoloak zehazten ditugu surflariekin, ezbeharren bat izanez gero itsasoan eta lehorrean nola jokatu jakiteko. Horrez gain, zaintza uretatik egiten dugu, uretako motoekin.

Axi Muniain, Natxo Gonzalez, Xabi Lopez eta Justine Dupontekin aritzen zara lanean, besteak beste.

Olatu handietan punta-puntan dabiltzan surflariak dira. Bai. Atoi surfean, surflariak soka bati eusten dio uretako motoak garraiatu dezan, eta soka horiek ezaugarri bereziak dituzte. Bada, material tekniko hori sortzeari ekin genion, eta harrera oso ona izan du. Axi Muniainek eta Francisco Porcellak osatutako bikoteak guk prestatutako uretako motoa erabili zuten Nazareko (Portugal) nazioarteko lehiaketan, eta Dupont ere gure sokekin lehiatu zen. Ederra izan zen gure materiala olatu erraldoien eta munduko surflari onenen artean ikustea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!