Zuzendaritza eta logotipo aldaketaren berri eman du Talai Mendi Elkarteak

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 28a, 14:20

1979.urtean egindakoa zen elkarteak orain arte erabili duen logotipoa. Aurretik beste bat izan zuten, 1949. urtean sortutakoa.

Talai Mendi Elkarteak logotipoa berritu du. Zuzendaritza batzordeari sortu zitzaion "logotipoaren inguruko hausnarketa" bat egitea, eta horren ondoren, berritzea erabaki dute. "1949.urtean sortu zen mendi taldea, Kukuarri izenarekin. Orduan sortutako logotipoa 1978 urtera arte erabili zuten. Izan ere, urte horretan Talai-mendi Mendi Elkartea izena hartu zuen taldeak, eta Imanol Urkizuk logo berria egin zuen", azaldu du Bittor Andres presidenteak.

Orain estreinatu dutena Garbine Vitoriak egin du. "Gure lagunartean bagenuen diseinatzaile grafikoa, eta hiru proposamen egin zizkigun. Aukeratu dugun logotipoaren alde egin dugu, besteak beste, jatorrizkoaren elementu garrantzitsuenak errespetatzen dituelako, eta armarri bat izaten jarraitzen duelako. Horrek guztiak irudiaren antzinatasuna indartzen du. Aldi berean, garai modernoetara ere ondo egokitzen dela iruditzen zaigu", eman du jakitera Andresek.

Presidenteak azaldutakoaren arabera, logotipoaren berde koloreak natura adierazten du, gorriztak pertsonak eta herria, horiak argia, eguzkia eta Orio, eta urdinak itsasoa.

Zuzendaritza aldaketa
Talai Mendi elkarteak batzarra egin zuen abenduaren 22an, eta zuzendaritzaren osaketan zenbait aldaketa egin zituzten. Horrela geratu da karguen banaketa:

. Presidentea: Bittor Andres
. Idazkaria: Arantxa Manterola
. Diruzaina: Joanna Domingo
. Bokalak: Mikal Etxeberria eta Klaudio Etxeberria.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!