Oriotarrek eta aiarrek Xoldoko gaina argiztatzeko aukera izango dute uztailaren 2an

Julene Frantzesena 2022ko urt. 31a, 18:53

Pirinioetako Bidea egitasmoa larunbatean aurkeztu zuten Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek. Burujabetza nahia nazioarteratzeko Pirinioetako 300 tontor argiztatzea da egitasmoaren helburua. Urola Kostako herritarrek Larhunera, Manddalera nahiz Xoldoko gaina mendietara joateko aukera izango dute egun horretan. Dagoeneko eman daiteke egitasmorako izena.

Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragile sozialek –ANC eta FEEC dira sustatzaileak eta Omnium Cultural zein Artistes de la Republica laguntzaileak– Pirinioetako Bidea egitasmoa aurkeztu zuten joan zen zapatuan Bilbon. Autodeterminazio eskubidea lau haizetara zabaltzea da asmoa, eta horretarako, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte, Higer lurmuturretik Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. "Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.

300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte; zehazki, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Aragoi) artekoak. Gailur horiek, gainera, bitan bereizi dituzte: gailur berdeak eta gailur gorriak. Igoeraren eta jaitsieraren, ibilbidearen, maldaren eta sarbidearen ezaugarrien arabera egin dute bereizketa, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, gailur berdeak herritar ia guztientzat dira irisgarriak. 

Gailur berde bakoitzaren arabera banatu dituzte Euskal Herriko herriak, eta Urola Kostako herrietako biztanleek mendi jakin batzuetara igo beharko dute uztailaren 2an. Hain zuzen ere, eskualdeko herritarrek Bortzirietako hiru gailurretara igotzeko aukera izango dute: Azpeitiari, Errezili eta Beizamari Larhun (905 metro) egokitu zaie; Zumaiari, Zestoari, Azkoitiari eta Aizarnazabali Manddale (574 metro); eta Zarautzi, Aiari eta Oriori Xoldoko gaina (360 metro).

Dagoeneko zabaldu dute gailur berde horietara joateko izena ematea, eta edukiera mugatu dute, "masifikazioa saihesteko eta ingurumena zaintzeko". Pirinioetara Bidearen antolatzaileek esan dutenez, egitasmoaren egunean mezu argia bidaliko dute Pirinioetatik mundura: "Katalanek eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!