Babestutako edukia

Eskariak etxean jasotzeko zerbitzu berria jarri du martxan Ziprik

Karkara 2022ko ots. 1a, 09:52

Online denda berria estreinatu du edariak biltegiratzen eta banatzen lan egiten duen enpresa ezagunak. 100 produktu baino gehiago daude bertan, esnekiak, era guztietako edariak eta kontserbak tarteko. 

Ezaguna da Zipri bai Orion eta baita inguruko herrietan ere, taberna zein elkarte gastronomiko askotako hornitzailea izateagatik. Usurbildik hasi eta Ondarroaraino iristen dira banaketa lanak. 

Ohiko bezeroekin egiten duten lanaz gain, urtea hastearekin batera herritarrei bideratutako zerbitzu berri bat jarri dute martxan: online denda. Gorka Elizondok adierazi duenez, enpresaren "balore garrantzitsuenetako" bat baita garapenaren alde gogor lan egitea. 

100 produktu baino gehiago aurki daitezke online dendan, esnekiak, alkoholdun eta alkoholik gabeko edariak, kontserbak… Guztiak marka onenetakoak. Online dendan sartu, produktuak saskira gehitu eta ordainketa egindakoan, egun bertan edo gehienez hiru eguneko tartean eramaten dute eskaria bezeroaren etxera enpresako banatzaileek. 

40 urteko esperientzia 

1970ean sortu zen Zipri eta, ordutik, edariak biltegiratzen eta banatzen egiten dute lan 700 erreferentziatik gorako produktuekin. Duela zortzi urte, 2014an, Zipri izatetik Zipri Oinordekoak izatera igaro ziren, betiko baloreei jarraiki baina garapenaren alde lan egiteko gogotsu zetorren lan talde gazte batekin. 

Sektorean 40 urte baino gehiagoko esperientzia, hainbat marka entzutetsurekin etengabeko lankidetzak eta lanarekiko pasioa dira Zipri ondoen definitzen duten ezaugarriak, Saioa Azkue administrari eta zuzendaritzako kidearen esanetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!