Udalak Biziberritze Plana aurkeztu die herritarrei

Mireia Galarza Bastida 2022ko ots. 11a, 12:30

Jakinmina sortu zuen aurkezpenak eta dozena izan ziren atzo arratsaldean Arraunetxera bertaratu ziren herritarrak. Anuska Esnal alkatearen esanetan, izaera integratzailedun plan bat da, errioa, euskara eta jasangarritasuna abiapuntu dituena.

Pare bat urte inguruko lana eta gero, atzo aurkeztu zuen Orioko Udalak Biziberritze Plana Arraunetxen. Dozenaka lagun elkartu ziren bertan, proiektua aurrera eramateaz arduratu diren Kultur Atelier komunikazio agentziako Oskia Yaben eta Iñigo Expositoren azalpenak entzuteko asmoz. 

Anuska Esnal Orioko alkateak hartu zuen lehendabizi hitza. Bere arabera, herriak kohesioa falta du, bai barruraka, bai kanporaka. "Oriok bere sustraiekin duen lotura desagertu egin dela iruditzen zaigu, eta hori aldatzea beharrezkoa dela ondorioztatu genuen", azaldu zuen.

Hasierako asmoa Turismo Plana egitea bazen ere, laster ohartu ziren Oriok zerbait gehiago behar zuela. "Ezinezkoa da kanpora begira helburuak jartzen hastea, barrura begira ere ez badaude", azpimarratu zuen Expositok. 

Hasieran Turismo Plana zena, beraz, azkar bihurtu zen Biziberritze Plana. "Orioko herria eta bertako herritarren ongizatea bermatzea da gure helburua, eta hori ez da Turismo Plan batekin lortzen", gaineratu zuen Esnalek. Ildo horretatik erabaki zuten izaera integratzailedun plan bat sortzen hastea, errioa, euskara eta jasangarritasuna abiapuntu dituena.

Sukalde lana

Pixkanaka-pixkanaka, beraz, herriaren diagnostiko orokorrarekin ekin zioten planari. Horretarako, herriaren analisi eta erradiografia orokorra egin zituzten, eta kontuan hartu zituzten, besteak beste, ingurunea, baliabide turistikoak eta zerbitzuak. "Ondoren egingo diren ekintza guztien oinarrian herriaren nortasuna jartzea beharrezkoa da, eta horretarako herria ezagutu behar da lehenengo", azpimarratu nahi izan zuen Yabenek.

Herriko berrogei norbanako, eragile eta aditurekin ere elkartu ziren Kultur Atelierreko kideak, hala nola, ostalariak, merkatariak edo erakundeetako ordezkariak. Elkarrizketa bakoitzaren helburua izan zen herriaren inguruko ikerketa bat egitea, bakoitzak zituen ezagutzak partekatzeko eta herria hobetzeko proposamenak egiteko. 

Zazpi erronka eta 140 ekintza

Informazio guztia jasota, zazpi erronka, 40 jarduera lerro eta 140 ekintza jasotzen dituen plana osatu dute, errioa, euskara eta jasangarritasuna oinarri dituena. Yabenen arabera, "errioa Orioren nortasun elementu bereizgarri bat da, baita euskara ere, bi horiek gabe Orio ez litzatekeelako izango dena". Jasangarritasuna, aldiz, ekintza guztiei eutsiko dien oinarri bezala ulertzea da helburua. 

Udalak dagoeneko herritarren eskura jarri du Biziberritze Plana oso-osorik. Asmoa da hor jasotzen diren jarduerak hiru urteko epean egitea, baina batzuk "luzerako" joko dutela uste dute plana garatu dutenek. Horretaz gain, planak irekita jarraituko duela ere jakinarazi dute Yabenek eta Expositok, herritarren ekarpenak jasotzen jarraitzeko.

"Biziberritze Planak ilusio handia egin digu, herriari osotasunean eragiten diolako, eta kanpora begira baino, barrura begira jartzen gaitu, izan ginen horretara begira, gure nortasuna berreskuratzeko eta iraganarekin konektatzeko", borobildu zuen alkateak.

Orioko Biziberritze Plana osorik, hemen.

(Argazkiak: Iñigo Gaiton)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!