152 ontzik parte hartu dute gaur herrian jokatu den aulki mugikorreko distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 13a, 17:06

Egun eguzkitsua baina haize zakarra izan dute arraunlariek erlojuaren kontrako saioetan. Orio Arraunketa Elkarteko 25 talde izan dira lehian, eta denera hemezortzi klub etorri dira Legution (Araba) jokatu ohi den txapelketara.

Distantzia luzeko aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketa Orion jokatu da aurtengoan, Legution (Araba) behar bezalako baldintzak ez zeudela eta. Hemezortzi klubek parte hartu dute 152 ontzirekin, eta guztira 44 kategoria egon dira. 152 ontzien artean, 25 Orio Arraunketa Elkartearenak izan dira. 13:00etan hasi dira erlojuaren aurkako lasterketak, eta 16:30 aldera amaitu da txapelketa.

Eguna eguzkitsu esnatu den arren, ibilbidearen zati bat itzaletan egin dute kirolariek, eta haize zakarrarekin. Azken metroetan, ohi bezala, ikusle andana elkartu da, eta etxekoen ontziek animo oihu ugari jaso dute helmugara bidean, batez ere txapelketaren aurreneko orduetan.

Euskal Arraun Federazioak antolatzen du proba, eta hiru distantzia ezarri ditu partaideentzat. Seniorrek eta jubenilek 6.000 metro egin dituzte arraunean, Mapiletik aterata; kadeteek eta beteranoek irteera puntua Sarikolan izan dute, eta 4.000 metroko distantzia egin dute helmugaraino; azkenik, infantilek 2.500 metro egin dituzte, Donparnas inguruan hasita. Azken horiekin hasi da lehia, eta egon da arazo bat edo beste ere, talde bati arrauna apurtu zaiolako eta bi ontzik elkar jo ere egin dutelako, bata lehian ari zenean eta bestea lehia amaitu eta Arraunetxera bueltan zenean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!