Udalak antolatzen dituen ekitaldietarako sarrerak 'online' erosi ahal izango dira aurrerantzean

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 15a, 15:32

Udalaren webguneko Agenda atalean eskainiko dute aukera, eta aste honen bukaeran jarriko dute martxan. Otsailaren 25ean Mugaldekoak taldeak emango duen kontzerturako sarrerak izango dira online erosi ahal izango diren aurrenak. Sistema berriaz gain, betiko aukerak ere hor jarraituko du: kultur etxean ere erosi ahal izango dira sarrerak.

Aurrerantzean, herritarrek Internet bidez eskuratu ahal izango dituzte udalak antolatzen dituen ekitaldietarako sarrera. Udalaren webgunean izango dute horretarako aukera; Agenda atalean, hain zuzen. Jarduera aukeratutakoan, egunari, ordutegiari eta lekuari lotutako ohiko informazioaz gain, sarrerak erosteko botoia topatuko du erabiltzaileak, eta haren bidez, Entradium plataformara joango da zuzenean, bertan erosketa egiteko. Erositako sarrerak posta elektronikoan jasoko dituzte sistema berriaren erabiltzaileek.

Orain arte, herritarrek kultur etxera bertaratu behar izaten zuten udalak antolatutako ekitaldietarako sarrerak behar zituztenean; ekitaldiaren eguna baino astebete bat lehenago jarri ohi dituzte eskuragai. Askorentzat, ordea, ez zen aukera erosoa, batez ere ordutegiagatik, eta emankizun jakin batzuetarako sarrerak eskuratzeko ilara luzeak ere sortu izan dira. Horregatik, sistema arintzeko helburuarekin, eta herritarrek hainbatetan egindako eskariari erantzunez, sarrerak online eskuratzeko aukera ematea erabaki du udalak. Dena dela, esan, sarrerak kultur etxean erosteko aukera ere egongo dela.  

Udalak jakinarazi duenez, sistema berria astearen amaieran jarriko dute martxan, eta otsailaren 25eko Mugaldekoak taldearen emankizunerako sarrerak izango dira online erosi ahal izango diren aurrenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!