Oriaren jaitsierak 78 ontzi bilduko ditu larunbat arratsaldean

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 17a, 15:45

16:30ean emango zaie hasiera estropadei. Orio AEk 1995.urtean antolatu zuen lehen jaitsiera, eta aurten 28.edizioa izango da. Gaur goizean Arraunetxen egindako aurkezpenean zehaztu dutenez, Orialkik babestutako bi bandera egongo dira jokoan mutilen eta nesken artean, bigarrenez. 

Arraunzaleek zita garrantzitsua izango dute larunbatean errioan: Oriaren 28. Traineru Jaitsiera jokatuko da, arratsaldeko lauak eta erdietatik aurrera. Gaur goizean aurkeztu dute estropada Arraunetxen, Josu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak eta Anuska Esnal Orioko alkateak emandako  prentsaurrekoan. 

Esnaolak zehaztu duenez, aurten 78 ontzik parte hartuko dute estropadetan, eta 1.000tik gora arraunlarik egingo dute arraunean: "Bizi dugun egoera kontuan izanik, izena eman duten ontzi kopurua espero baino altuagoa da, eta kontentu gaude horrekin", eman du jakitera. 

Bi bandera jokoan
Bere hitzartzearekin jarraituz, estropadako parte hartzaileak mailaka aletu ditu presidenteak: "Zortzi ontzi Herrialde Katalanetatik etorritako llagut-ak izango dira, bost traineru jubenilenak eta 22 beteranoek osatutakoak. Seniorrei dagokienez, emakumezkoek osatutako 17 traineruk egingo dute arraunean, eta gizonezkoen 26 ontzik". 

Seniorren artean, Orialkik babestutako bi bandera izango dira jokoan; nesken artean bata,  mutilen artean bestea. Berezitasun modura, Esnaolak azpimarra egin dio Malagako (Andaluzia, Espainia) estropalariek aterako duten ontziari. "Bada nabarmendu nahiko nukeen beste ontzi bat ere: Bilboko arraunlariekin osatuko duten txalupa inklusibo batek ere parte hartuko du jaitsieran. Gainontzekoek baino 15 minutu lehenago hasiko dute estropada, helmugara ailegatzeko behar duten denbora izan dezaten", gehitu du presidenteak.

Horrez gain, pozik azaldu du "denboraldi normalago bati" hasiera emateko modua izango dutela aurten: "Iaz, jokatzeko aukera izan zezatela eskatu zuten beteranoek, baina ezezkoa eman zitzaien. Aurten, zorionez, egoerak ahalbidetu du izen ematea denei irekitzea", egin dio erreferentzia izurriaren testuinguruari. 

"Gozatzeko" jaitsiera
Esnaolak "jaitsieraz gozatzeko" deia egin zien estropalariei eta zaleei. Ikusleak errioaren bueltan lasaiago ibiltzeko aukera izan dezaten, Ibai Ondo ibilbideko errepidea itxi egingo dute ibilgailuentzat, eta han inguruan jarriko dituzte dendak eta postuak. 

Presidenteak arduraz jokatzeko eskaera ere egin die arraunzaleei, pandemiak sortutako osasun krisiak indarrean jarraitzen duelako. "Parte hartzaile kopurua handia denez, hiru tokitatik botako dituzte traineruak uretara, jende pilaketak ekiditeko: Zarauzko Arraun Elkartearen arranplatik, Eturatik eta Arraunetxetik".  

Jaitsiera aurrera eramaten lagunduko duen boluntario taldearentzat esker oneko hitzak izan ditu Esnaolak. Ildo berean mintzatu daAnuska Esnal alkatea: "Udalaren partez, esker ona adierazi nahi diet larunbateko estropaden antolakuntzan parte hartuko duten herritar guztiei. Traineru asko dira, eta atzean lan handia dago. Beste behin ere, estropalari asko ikusiko ditugu uretan, eta hori ez litzateke posible izango herriaren bultzadarik gabe. Oriorentzat arrauna zer den ondo irudikatzen da jaitsieraren egunean". 

Tradizioa gaurdaino
Esnalen hitzetan, pozgarria izango da larunbatean errioa "kolorez beteta" ikustea. Herriak arraun munduan duen tradizioa ere izan du ahotan alkateak: "Orion mendez mende transmititu da arraunari lotutako kultura. Tradizio hori eguneratzeko gai izan garela eta bizirik jarraitzen duela ikustea ederra da", adierazi du pozarren. 

Atzera begira jarrita, eta Orioko Arraunketa Elkarteak plazaratutako oharraren arabera, 1995 urtean egin zen lehen aldiz Oriaren Jaitsiera. Orduz geroztik, bertako eta nazioarteko arraun elkarteek parte hartu izan dute hitzorduan.

Oriokoa izan zen aurrenekoa, eta gerora, beste herrietan antolatzen hasi ziren. Estropalarien neguko prestaketa fase gogorrari "argi pixka bat emateko helburuarekin" hasi ziren jaitsierak egiten, eta gaur egun, urtarriletik martxora bitartean jokatzen dituzte. 

Distantziak
Antolakuntzak bi ibilbide egokituko ditu estropadarako. Senior mailako mutilek 6.000 metro egingo dituzte arraunean, Mapiletik abiatu eta herriraino. Gainontzekoentzat, berriz, ibilbideak 4.000 metro izango ditu, eta Sarikolatik aterako dira.