Arrantzaleak datozen egunetan aterako dira berdeletara

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 18a, 13:31

Agerraldia egin dute gaur baxurako arrantzaren sektoreak 2022rako dituen aurreikuspenen berri emateko. Pandemiak eragindako trabak iazkoak baino gutxiago izatea aurreikusten dute. 

Baxurako arrantzaren sektoreak 2022rako dituen erronkak eta aurreikuspenak azaldu dituzte gaur, Kofradia Itsas Etxean, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak eta Miren Garmendia Opegiko zuzendariak. Gutxi barru hasiko da arrantza denboraldia, eta berdeletara abiatuko dira Orioko nahiz Getariako baxurako arrantzontziak laster. 

Elduaienek baxurako espezie nagusien 2022ko behin-behineko kuotak azaldu ditu. Honako hauek dira: berdela 8.500 tona, antxoa 25.250 tona, eta hegaluzea 17.700 tona. Elduaienek berdelaren eta txitxarroaren kuoten kudeaketa partekatua dela azaldu du eta, beraz, Euskadiko Arrantza Federazioak berak kudeatu dezakeela kuota, “eta banaketa objektibo eta bidezkoa egin Euskadiko baxurako flotaren artean”. Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak aurreratu du lanean ari direla Bizkaian eta Gipuzkoan antxoaren eta hegaluzearen kuotak bertan kudeatu ahal izateko. Azaldu du espezie horiek “funtsezkoak” izan zirela bertako baxurako flotarentzat, 2021ean sektoreko fakturazioaren %83 izan baitziren. “Kudeaketa berria lortuko balitz, bi espezie horien errentagarritasuna handitu ahal izango litzateke”, gaineratu du Elduaienek. 

Iaz pandemia dela-eta zailtasun ugari izan bazituzten ere, oso kanpaina “lehiakorra” egin zutela azaldu du Azkuek. Esaterako, hegaluzea %9 gehiago arrantzatu zuten, eta antxoa %37 gehiago, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Aurten pandemiak eragindako trabak horrenbeste ez izatea aurreikusten dute, eta osasun egoerak aukera ematen badu, Antxoa Eguna, Hegaluze Eguna edota baxurako kanpainak sustatzeko bestelako ekitaldiak egingo direla aurreikusi du Arrantza zuzendariak, eta herritarrak horietan parte hartzera eta bertako sasoiko arraina kontsumitzera animatu ditu.  

Artisau Arrantzaren eta Akuikulturaren Nazioarteko Urtea

Nazio Batuen Batzar nagusiak Artisau Arrantzaren eta Akuikulturaren Nazioarteko Urtea izendatu du 2022a. Hori horrela, gaurko agerraldia baliatu dute azalpenak eman dituzten ordezkariek, bertako baxurako arrantzaren “artisau-artea” goraipatzeko. Azkuek positibotzat jo du itsas ingurunearen eta bertako espezieen jasangarritasunaren alde Nazio Batuek egindako kanpaina. Garmendiak, berriz, baxurako arrantzaren sektoreari balioa emateko Kofradia Itsas Etxeak egiten duen dibulgazio lana goraipatu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!